Arnasea hartu dau Athleticek (2-1)

Lehoiek garaipen garrantzitsua lortu dabe Betisen kontra eta Europako postuetara hurbildu dira ligan
Dani Vivianek bere denporaldiko lehen gola sartu dau / Athletic Club

Athleticek Betis 2-1 mendean hartu dau San Mamesen eta Europako postuetara hurbildu da, sailkapeneko zonalde beroa atzean itxita behin betiko ligan. Gauzak dagozan moduan egonda, Txapeldunen Liga sei puntura dauka Athleticek eta Europa Ligako zein Konferentzia Ligako postuetan dagozan taldeekaz bardinduta dago, 38 puntukaz.

Athleticek Sevillako taldea baino hobeto ekin deutso partiduari eta lehen zatian egondako aukera guztiak talde bilbotarraren aldekoak izan dira, baina Sanceten errematea Pau Lopez atezainak gelditu dau eta Yurik larregi gurutzatu dau bere jaurtiketa. Asmatu dauana Vivian izan da. Ohituta egon ez arren, Athleticeko zentralak baloia sareetara bialdu dau, 25. minutuan area ertzetik egindako erremate gurutzatu on bati esker. Markagailuan aurreratu eta gero, Athleticek kontrolari eutsi deutso eta Oihan Sancetek zuri-gorrien bigarrena sartu dau Iñaki Williamsen pasea jaso eta gero, VARak hasieran bertan behera itxi arren jokoz kanpoko batengaitik, lehen zatiko azken minutuan. Williams anai nagusiak asistentzia emon dau gol bietan.

Athleticen nagusitasuna ikusita, Pellegrinik aldaketa hirukotxa egin dau atsedenaldian eta Antony lako jokalariak aulkian itxi ditu bigarren zatian. Athleticek ez dau asko sufridu atsedenalditik bueltan, baina pixkanaka-pixkanaka Betis metroak irabazten hasi da. Halanda be, Betisek sartutako gol bakarra jokaldi solte batean heldu da. Regok ekidin ahal zan falta egin dau area ertzean eta Fornalsek gol bikaina sartu dau, 75. minutuan. Unai Simonek txartel horia ikusi dau protesta egitearren. Minutu bi beranduago, Bakambuk markagailura igon ez dan gol bat sartu dau, jokoz kanpo egoalako. Bitartean, Valverdek taldea indartu dau aldaketekaz, Vesgak minutuak euki ditu puntaerdian eta hiru puntuak San Mamesen gelditu dira. Ganera, Athleticek averagea irabazi deutso aurkariari, Betisen kontrako partidu biak irabazi ditualako aurtengo ligan.

Azken etenaldia

Athleticek ez dau partidurik jokatuko apirilaren 5era arte. Datorren astegoienean denporaldi honetako selekzinoen azken etenaldia izango da protagonista. Ostean, ligako azken bederatzi partiduak jokatuko ditu Athleticek, lau San Mamesen eta bost etxetik kanpo. Hain zuzen be, hurrengo norgehiagoka Bordalasen Getaferen kontrakoa izango da Coliseum estadioan. Athleticek lez, 38 puntu ditu talde madrildarrak momentu honetan, 11 partidu irabazi, bost bardindu eta 13 galdu eta gero. Lehen itzuliko partiduan, 0-1 irabazi eban Getafek San Mamesen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00