Esku hutsik eta kolpe gogorra jasota itzuli da Athletic Gironatik. Lehen zati negargarriaren ostean, Valverderen taldeak beste martxa bat sartu deutso partiduari hiru puntuak eskuratzeko asmoagaz. Zuri-gorriak, baina, makal ibili dira aurkariaren ate aurrean eta hiru gol aukera garbi euki arren, ez dabe lortu Gazzanigaren atea zulatzea. Ganera, azken minutuan etxeko taldeak beste gol bi sartu ditu, zuri-gorrien zaurian gatza botata. Markagailuan ez dau erakusten zelaian gertatutakoa, Girona ez da-eta Athletic baino gehiago izan. Aurkariaren ate aurrean, baina, etxeko taldea askoz eraginkorrago ibili da. Kontuak kontu, Europa urrunago dago Gironan galduta. Hamar jardunaldi geratzen dira liga txapelketea amaitzeko eta Athleticek lehenbailehen aldatu behar dau azkenaldiko dinamikea sailkapeneko goialdera hurreratu gura badau.
Ernesto Valverdek aste osoa euki dau Gironaren aurkako partidua prestatzeko, kopa txapelketea eta txapeldunen ligako lehiak atzean itxi ostean. Athleticeko entrenatzaileak hamaikako indartsua zelairatu dau Montilivin garaipena eskuratzeko asmoagaz. Azkenaldiko dinamika negatiboa alde batera itxi eta etxetik kanpo garaipena lortuta ekin gura eutson Athleticek ligearen azken txanpeari, Europarako sailkatzeko asmoagaz.
Norgehiagoka hasi eta laugarren minuturako, baina, gauzak okertzen hasi dira zuri-gorrientzat Gironak aurrea hartu dauelako markagailuan. Nork eta Hugo Rinconek, Athleticek Gironan itxita daukan jokalariak zulatu dau Unai Simonen atea area barrutik egindako jaurtiketa gogor bategaz. Berenguer ez da bape fin ibili aurkariaren lehen golaren jokaldian.
Golak min egin deutso talde zuri-gorriari eta lehen zati osoan ez da ia Gazanigaren atera jaurtiteko be gauza izan, jokoan nagusi izan arren. Gauzak aldatu egin dira atsedenaldiaren ostean. Valverdek Areso eta Guruzeta zelairatu ditu Gorosabel eta Robert Navarroren ordez eta bigarren zatia hasteagaz batera Guruzetak sekulako gol aukerea alperrik galdu eban, bakar bakarrik egoala area txikian atezaina egoan lekura jaurtita. Holako gol aukerak ezin dira huts egin, are gitxiago etxetik kanpo.
Laporte bardinketaren gola sartzeko zorian egon zan baina bere erremateak Gironako atezainaren gorputzean jo eban. Handik gitxira, Gazanigak sekulako erantzuna emon eutson Guruzetaren burukada bati. Hiru aukera garbi baina bat bera bez baliatu. Holan oso gatxa da partidu bat irabaztea. Ganera, Gironak beste gol bi sartu dauz azken minutuetan. Betis dogu zain datorren domeka arratsaldean San Mamesen.