Athleticek bana bardindu dau Celtaren kontra San Mamesen, ligako 37. jardunaldian. Ondorioz, Athleticek agur esan deutse datorren denporaldian Europan jokatzeko aukerei, Ernesto Valverde eta Iñigo Lekueren azken partiduan Katedralean. Horren harira, biak izan dira omenduak partiduari ekin aurretik, baina Deustuko jokalariak ez dau zelaitik estadioari agur esateko aukerarik euki ez daualako jokatu.
Omenaldiagaz giro hunkigarria sortu arren, gitxi iraun dau energia positiboak San Mamesen: Celta 4. minutuan aurreratu da markagailuan. Mikel Jauregizar lokartu da baloia jokatuta ateratzeko orduan, Moribak baloia lapurtu deutso jokalari bermeotarrari Athleticen areatik gertu eta Williotek gola sartu dau, egindako erremate gurutzatuari esker. Golak mina egin deutso talde bilbotarrari eta Athleticek minutuak behar izan ditu partiduan guztiz sartzeko. Dana dala, sartu danean Celta baino askoz gehiago izan da. Esaterako, norgehiagoka bardintzeko aukera ugari izan ditu atsedenaldira heldu aurretik, Unai Gomezek egindako erremate bitan batez be.
Hain zuzen be, horregaitik ez da oso ondo ulertu Unai Gomez aulkian gelditzea atsedenaldian; bere tokia zelaian Robert Navarrok hartu dau. Jokalari nafarra husten joan da partiduak aurrera egin ahala. 52. minutuan heldu da lehoien gola. Ruiz de Galarretak pase ederra sartu deutso Yuriri, lateral zarauztarrak erdiraketa ipini eta Iñaki Williams kapitainak baloia sareetara bialdu dau. Dana dala, golak ez dau partiduaren gidoia asko aldatu. Athleticek bigarren gola sartzeko ahalegina egin dau, Celtak bardinketari eusten eutson bitartean. Azkenean, banako bardinketagaz amaitu da partidua eta Athletic Europan jokatzeko burrukatik kanpo gelditu da. 37, jardunaldia amaitu ostean, 12. postuan dagoz lehoiak, 45 puntugaz, 13 partidu irabazi, sei bardindu eta 18 galdu eta gero.
Azken dantza
Athleticek Real Madrilen zelaian esango deutso agur aurtengo liga eta denporaldiari. Norgehiagoka gaueko 21:00etan jokatuko da martiaren 23an, zapatuan, printzipioz. Izan be, partidu honetan ez da ezer jokoan egongo eta, hori dala eta, litekeena da ordutegiz aldatzea. Hurrengo egunetan jakingo dogu partidua noiz jokatuko dan zehatz-mehatz.