Ane Azkonak beste urte birako kontratua sinatu dau Athleticegaz

Aurrelari nafarrak 208 partidu jokatu dauz elastiko zuri-gorriagaz bederatzi denporalditan
Ane Azkona eta Jon Uriarte, Athleticeko presidentea / Athletic Club

Athletic Clubek eta Ane Azkona aurrelariak akordioa lortu dabe kontratua beste bi denboraldiz luzatzeko, 2028ko bagilaren 30era arte. Aurrelariak 2016ko zemendian egin eban debuta, eta datorren denporaldian hamarkada bat beteko dau zuri-gorri lez. Iruñekoa egungo plantillan denboraldi eta partidu gehien pilatu dauzan futbolaria izaten jarraituko dau.

Denporaldi honetan 200 partiduen langa gainditu dau, eta oraingoz 208 neurketa ofizial jokatu dauz Athletic Clubegaz. Partidu horreetan, guztira, 41 gol sartu dauz.

Azkonak hasiera ikusgarria izan eban Lezaman, eta CD Ardoitik heldu eta berehala egin eban debuta ohorezko mailan, 18 urtegaz, Levante UD taldearen aurka Buñolen. Lehen taldearen eta filialaren artean ibili zan, eta bigarren taldean gol kopuru bikainak lortu ebazan. 2019/20 denporaldian, barriz, behin betiko egin eban jauzia elitera. Zoritxarrez, handik gitxira lesino larria izan eban eskuin belaunean. Suspertze prozesu luze baten ostean, Azkonak apurka-apurka sentsazinoak eta protagonismoa berreskuratu ebazan taldean, Athleticen erasoko erreferente bihurtu arte, abiadura, lan nekaezina eta golak eskainiz.

Emakumezkoen taldearen aldagelan funtsezko partaidea da, bere beteraniagaitik eta taldea gidatzeko daukan moduagaitik. 27 urtegaz, denporaldi honetan 30 partidutan hartu dau parte: Liga F-ko 27 neurketatan, sei gol sartuta; Kopako bi partidutan, beste bi gol eginda; eta Superkopako neurketan. Guztira zortzi gol sartuta, Azkonak taldeko golegile nagusia izan da hirugarren denboraldiz jarraian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00