Bizkaia Irratia

Bilbon filmatuko dan nazinoarteko telesail baten parte hartu gura dozu?

Familia drama honen grabazinoa bagilaren 15etik 30era izango da

Modfie casting agentziak grabazinoan parte hartzeko figuranteak aukeratzeko prozesua martxan jarri dau. Agentziak berak bere webgunean azaltzen dauanez, ekoizpenak filmaketa profesional baten esperientzia barrutik bizitzeko interesa daukien pertsonak bilatzen dauz. “Zugaz kontatu gura dogu esperientzia parebako honetan parte hartzeko”, nabarmendu dabe casting-aren iragarkian. Deialdia 16 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Antolakuntzak azpimarratu dau, ekoizpenean parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango dala dokumentazinoa behar dan moduan eukitea. Adintxikikoen kasuan, ezinbestekoa izango da NANa izatea. Agentziak interesa daukien pertsona guztiak animetan dauz hautaproban izena emotera, telesailean parte hartzeko.

Era berean, Modfie agentziak figuranteak aukeratzeko beste prozesu bat be badauka abian. Mikel Ruedaren zuzendaritzapean, telesail barri bat grabauko da Bizkaiko kostaldeko hainbat tokitan bagilaren 15etik abuztuaren 14ra bitartean. Bost gazte dira thriller honetako protagonista. Kasu honetan, edade eta jatorri guztietako gizonak eta emakumeak bilatzen dira. Hautagaiek, derrigorrean, Bizkaian bizi beharko dira, 16 urte baino gehiago izan beharko dabe eta aurkezpen-bideo bat bidali beharko dabe. “Ez da beharrezkoa aurretik esperientzia izatea”, zehaztu dabe agentziatik. Aurreko prozesurako lez, ezinbestekoa da lan baimena eta dokumentazinoa behar bezala izatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00