Cabo Blanco ontziaren jaiotza eta desagerpena

'Lurrontzi baten Alpha eta Omega. Cabo Blancoren azken uberak' erakusketea irailaren 6ra arte egongo da ikusgai Itsasmuseum-en
Darío Urzay bilbotar artistea / Itsasmuseum Bilbao

Leixuri Arrizabalaga Itsasmuseum Bilbaoko presidenteak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol diputaduak, eta Darío Urzay artistak Lurrontzi baten Alpha eta Omega. Cabo Blancoren azken ubera erakusketea aurkeztu dabe. Erakusketak Cabo Blanco lurrunontziaren historia berreraikitzen dau. Ontzia 1908an eregi eben Euskalduna Ontzioletan, gaur egun Itsasmuseum Bilbao dagoan toki berean, eta 1936ko garagarrilaren 13an desagertu zan Portugalgo Montedor kostaldearen artean, laino betean, Gerra Zibila hasi aurreko egunetan. Azken kanpitaina, Darío Urzay Cuesta izan zan, artistearen aititea.

Erakusketearen abiapuntua familiako argazki negatiboen multzo handi baten aurkikuntza izan da, eta ondoren egindako bilaketa-lana hemeroteketan, itsas artxiboetan eta dokumentazino historikoan. Horrela, erakusketak Cabo Blancori lotutako familia-historia baten arrastoa jarraitzen dau.

Cabo Blanco

Ontzia Compañía Vasco-Andaluza enpresearentzat eregi eben Euskalduna Ontzioletako lehen dikean, burdinak, lurrunak, portu-jarduerak eta industria intentsidadeak markautako Bilbon. 1908ko abenduaren 24an itsasoratu eben eta 1909ko martian entregau eutsen jabeei. Jardunean egon zan urteetan, lurrunontziak Iberiar penintsularen inguruko kabotaje-ibilbideak egin ebazan, Pasaia, Vigo, Huelva, Sevilla, Bartzelona, Port-Vendres edo Marsella moduko portuak lotuz. Bere ibilbidea eguneroko itsas historiaren parte da, merkataritzari, kostaldeko nabigazinoari eta XX. mendearen hasieran Bilbo eta ingurua eraldatu ebezan industria-azpiegiturei lotua.

Darío Urzay

Darío Urzay (Bilbo, 1958) bere belaunaldiko euskal artista garaikide nabarmenetako bat da. EHUn Arte Ederretan lizentziatua, bere ibilbideak lau hamarkada baino gehiago hartzen dauz, eta denpora horretan pintura, argazkigintza eta irudi digitalaren arteko mugen inguruko ikerketa etenbakoa garatu dau. Bere obra banakako zein taldeko erakusketeta aurkeztu dabez estaduko eta nazinoarteko museo eta arte-zentro askotan, esaterako, Guggenheim Bilbao museoan, Bilboko Arte Ederren museoan, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofían edo MACBAn. Jasotako aitortzen artean, Gure Artea eta Arte Grafikoko Sari Nazionala nabarmentzen dira.

Lurrontzi baten Alpha eta Omega. Cabo Blancoren azken uberak Laboral Kutxaren babesa dauka, eta Itsasmuseumen egongo da ikusgai 2026ko irailaren 6ra arte. Erakusketea zabalik dagoan bitartean, hainbat jarduera osagarri antolatuko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00