Deustu eta Txorierri arteko tunela abuztuaren 4an zabalduko da

Lanak amaitu eta berehala, La Salve - Txorierri tuneleko lanei ekingo deutsie
Olatz Atxa eta Carlos Alzaga / Bizkaiko Foru Aldundia

Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputaduak Artxandako tunelak birgaitzeko obrak —Ugasko eta Txorierri artekoak— bisitau dauz gaur. Bisitan, Olatz Atxa izan da Alzagagaz batera. Interbiak tunelak kontserbatzeko eta ustiatzeko ardura daukan erakunde publikoko zuzendaria da Olatz Atxa. Obren egoera bertatik bertara egiaztatzeko aukerea izan dabe.

Artxandako tunelak 2002tik dagoz martxan, eta 2024ko abuztuan ekin eutsen birmoldatze-prozesuari. Lehen fasea Ugasko – La Salve tunelean egin zan. Fase horretan, estaldura eta zorua barritzeari ekin jakon, eta segurtasun-instalazinoak osorik eguneratu ziran. Pasa dan zezeiletik Ugasko eta Txorierri arteko tunelean dabilz lanak egiten. Tunela zezeilaren 4tik dago zirkulazinorako zarratuta. Obrak aurreikuspenen arabera doaz aurrera, eta abuztuaren 4an zabalduko dabe barriro be. Une honetan, lanen heren bi eginda dagoz.

Carlos Alzagak iragarri dau, Ugasko – Txorierri tuneleko lanak amaitu eta segiduan, azken tunela (La Salve – Txorierri) eta ebakuazino-galeria zentrala birgaitzeko lanei ekingo jakela. Hirugarren fase horretan, Artxandako tunelek erreforma integrala osotu ahal izango da. Horretarako, uda ostean, La Salve eta Txorierri arteko tunela itxiko dabe. Hondino zehaztu barik dagoan arren, 7 hile inguru beharko dira azken tuneleko lanak egiteko. Foru diputaduak adierazo dauanez, faseka egindako plangintza horrek posible egingo dau funtsezko hiru helburu bateragarri egitea: pertsonen segurtasuna, azpiegitura giltzarri baten modernizazinoa, eta metropoli-inguruneko bide-korridore nagusietako baten mugikortasuna mantentzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00