“Gure nortasunaren eta itsas ondarearen erakusleiho nagusia”

Maiatzaren 22tik 24ra arrantza, kultura, gastronomia eta jasangarritasuna izango dira protagonista Bermeoko Arrain Azokan

Bermeok prest dauka XXXII. Arrain Azoka. Maiatzaren 22tik 24ra bitartean, itsasoari lotutako tradizinoa, kultura eta zaporeak izango dira barriro be herriko kale eta gune nagusietako ardatz. Urtez urte sendotu dan hitzordu honek itsasoa eta arrantzaleen lana omendu gura dauz, baina, aurten batez be itsasoaren zaintzaren eta jasangarritasunaren mezua lehen lerrora ekarriko dau. Itsasoa zaindu, bizia dastatu izango da aurtengo leloa. Ideia hori islatu gura izan da kartel ofizialean be: ume bat heldu baten sorbaldan, eta itsasoa bere kolore guztietan. Irudi horren bidez, belaunaldien arteko transmisinoa, zaintza eta etorkizunarekiko ardura irudikatu nahi izan dira. Ildo beretik sortu da aurtengo edizinorako prestau dan bideoa be, itsasoaren zaintza ardatz nagusi hartuta.

Bermeoko Arrain Azokak arrantza eta gastronomia buztartu izan dauz beti, baina azken urteotan gastronomiak protagonismo handiagoa hartu dauala azpimarratu dabe antolatzaileek. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak gaineratu dauanez, herriko ekitaldi nagusietako bat da: “Gure produktuen, kulturearen eta nortasunaren erakusleiho onena da”.

Aurtengo edizinoan 20 erakustoki egongo dira, eta bertan enpresek eta erakundeek euren produktuak eskainiko dabez, herritarrek eta bisitariek dastatu eta erosteko erea izan dagien. Aurten, ganera, tokiko artisauentzako lekua be izango da azokan. Barikuan eta zapatuan, azokearen ordutegia, 11:00etatik 20:00etara izango da. Eta domekan, barriz, 11:00etatik 15:00etara.

Aurtengo XXIX. Hegaluze Saria Bermeoko Nautika Eskolak jasoko dau. Aitortza horren bitartez, arrantza munduan prestakuntzeak daukan funtsezko garrantzia nabarmendu gura da, baita Bermeoko Nautika Eskolak azken 50 urteotan egindako ekarpen esanguratsua be. Sari banaketea maiatzaren 22an egingo da, inaugurazino ekitaldiaren barruan, eta ekitaldi horrek emongo deutso hasierea Bermeoko XXXII. Arrain Azokari. Egitaraua www.bizibermeo.eus webgunean eta Arrain Azokaren sare sozialetan kontsultau daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00