Mundakak osasun azpiegitura barria izango dau astelehen honetatik aurrera. Osakidetzak Goiko kalean zabalduko dau kontsultategi barria, herriaren erdigunean bertan, eta instalazino modernoagoak eta irisgarriagoak eskainiko deutsiez udalerriko 1.650 biztanle baino gehiagori. Osakidetzaren arabera, egoitza barriak orain arte erabilten zan kontsultategia ordezkatuko dau, eta lehen mailako arretan hobekuntza handia ekarriko dau. Herriko biztanleriaren ezaugarriak kontuan hartuta diseinau dabe zentroa; izan be, Mundakako herritarren zati handi batek 75 urte baino gehiago ditu. Horregaitik, oztopo arkitektonikorik bako espazioak sortu dira, edadekoen eta gaixotasun kronikoak daukiezanen arretea errazteko.
Kontsultategi barriak eguneroko osasun arazoei erantzun arinagoa emoteko balioko dau, baita erizaintzako arretea eta komunitate mailako osasun jarduerak indartzeko be. Horrez gain, herrian dagozan adinekoen egoitzekin koordinazino hobea izatea ahalbidetuko dau, erabiltzaileei jarraipen estuagoa eskainiz. Azpiegiturak familiako medikuaren kontsulta bat eta erizaintzako beste bat izango ditu; baita tratamenduetarako, analisiak egiteko eta proba funtzionaletarako prestautako gune bereziak be. Aurreko instalazinoak baino zabalagoak dira espazio guztiak, profesionalen lana erosoago egiteko asmoz. Itxarongela handiagoa eta komun egokituak be prestau ditue erabiltzaileentzat.
Jasangarritasunaren alde
Bestalde, eraikinak jasangarritasunaren aldeko apustua egiten dau. Horren adibide da aerotermia sistema erabiliko dala klimatizazinoan; modu horretan energia eraginkortasuna hobetu eta karbono aztarna txikitzea bilatzen dau Osakidetzak. Mundakako kontsultategi barriaren irekierak lotura zuzena dau Euskadiko Osasun Itunaren helburuekin, batez be, lehen mailako arretea sendotzeko estrategiagaz. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak nabarmendu dabenez, herritarrei gero eta arreta hurbilagoa, modernoagoa eta kalidade handiagokoa eskaintzea da asmoa.