San Bizente eleizako organoaren berrinaugurazino ekitaldia ospatu zan atzo. Publikoaren erantzuna bikaina izan zan organo barriari harrera egiteko. Orain ehun urte baino gehiago, Aquilino Amezua organo egile ezagunak San Bizente elizan dagoan musika tresna zoragarria eraiki eban. Urteen joan-etorriagaz eta erabilereagaz, organoa ‘tailerrera’ birritan eroan behar izan da.
Ekitaldia Fernando Marcos parrokoaren aurkezpenagaz hasi zan. Ondoren, Federico Acitores organogile maisuaren eta Bilboko Eleizbarrutiko Organeria Batzordeko idazkari dan Jorge Undaren arteko solasaldiak, zaharbarritze lanaren nondik norakoak eta proiektuaren konplexutasuna azaldu ebazan. Jarraian, Joseba Segura Bilboko gotzainak organoaren bedeinkapen-ekitaldia gidatu eban.
Ekitaldian, parrokiako taldeak hilabeteetan egin dauan lan nekaezin eta eredugarria eskertu zan; bestetik, San Bizenteko alkartearen babesa, pazientzia eta ilusinoa. Esker berezia jaso eben, Federico Acitores maisuak eta taldeak, tresnari barriro ahotsa emotea lortu dabelako. Modu berean, Bilboko Eleizbarrutiaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza erabakigarria azpimarratu eben.
Ekitaldiari amaiera emoteko, parrokiako organista titularra dan José Ramón Rodríguez Vadillok hasierako kontzertua eskaini eban. Egitarauak organorako lau mendetako musika batu eban, tresnaren aukera musikalak eta zaharbarritzearen ostean berreskuratutako soinu aberastasuna erakutsiz.
Hurrengo kontzertuak
San Bizenteko organoaren zaharbarritzeak aro barri bat zabaldu dau parrokiako kultur jardueran. Hori dala eta, datozen asteetarako beste kontzertu bi iragarri ditue. Bagilaren 25ean, 19:30ean, Vicente Olmos tronpeta-jotzaileak eta Ainhoa Barredo organistak eskainiko daben tronpeta eta organorako kontzertua izango da. Eta garagarrilaren 9an, 19:30ean, Alberto Sáez Puenteren zuzendaritzapean, Abesbatzaren eta organoaren kontzertua izango da.