50 proposamen gastronomiko eta artistiko baino gehiago Dastatuarte jaialdian

Garagarrilaren 3tik 5era bitartean egingo da Gorlizen

Gorliz artearen eta gastronomiaren erakusleiho handi bihurtuko da garagarrilaren 3tik 5era, Dastatuarte jaialdiaren zazpigarren edizinoagaz. 50 jarduera baino gehiago eskainiko dira edade guztietarako herriko zazpi gunetan. Tailerrak, ikuskizunak, kontzertuak, food truckak, artisau-proposamenak eta dastaketak izango dira.

Edizino honetako protagonistetako bat Pintxo lehiaketa izango da barriro be. Gorlizko 12 taberna eta jatetxek hartuko dabe parte, eta astegoienean zehar herritarrek eta bisitariek euren proposamenak dastatu eta bozkatu ahal izango dabez. Lehiaketa honen bitartez, parte-hartzaileek 300 eurotan balorautako saski gastronomiko baten zozketan sartzeko aukerea izango dabe. Horretarako, Pintxo Bonoa zigilatu eta garagarrilaren 5ean, domekan, 16:00ak baino lehen itxi beharko dabe horretarako prestautako kutxetan.

Arte eszenikoek eta sormenak be lekua daukie Dastatuarten. Alejandro Revuelta mentalistak Enigmas ikuskizuna eskainiko dau, Patri Muñozek umorea ekarriko dau, eta familientzat Sardina freskue musika eta dantza ikuskizuna izango da. Era berean, poesia errezitaldiak, ipuin kontalariak, zirku ikuskizunak, kontzertuak, erakusketak eta sormen-tailerrak be antolatuko dira. Proposamen aitagarrienen artean, Gerry Regitschnig Cirque du Soleil-eko clown-ak emondako tailerra dago.

Dastatuarte jaialdiaren ardatzetako bat herritarren parte-hartzea izango da beste behin. Gorlizko Ikastetxeko ikasleek, ludotekako umeek, Gaztelekuko gazteek eta udal pintura ikastaroetako parte-hartzaileek egindako lanek herriko hainbat txoko apainduko dabez, kaleak aire zabaleko erakusketa kolektibo bihurtuta. Alkartasunak be bere tartea izango dau jaialdiaren barruan: garagarrilaren 5ean, 14:00etan, Elizako plazan egingo daben paella solidarioa Adela EH fundazinoaren alde izango da, alboko Esklerosi Amiotrofikoa daukien pertsonak eta euren familiak babesteko.

Jarduera batzuetan parte hartzeko, aurretik izena emon behar da Gorlizko Turismo bulegoan (Eloisa Artaza 1) bagilaren 19tik aurrera, telefono bidez (94 677 43 48 / 688 818 876) edo emailez (info@visitgorliz.eu). Informazino gehiago eta egitarau osoa: www.visitgorliz.eus/dastatuarte/ loturan kontsultau daiteke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00