Txakolin onenak dastatu ahal izango dira bagilaren 6an eta 7an Portugaleten, La Canilla pasealekuan. Bizkaiko Txakolina Fest jaialdiaren bosgarren edizinoa egingo da. Hurreratzen diranek txakolin dastaketez, gastronomia-jarduerez eta zuzeneko musikaz gozatu ahal izango dabe. María José Blanco Portugaleteko alkatearen esanetan, “hitzordu hau 2022an hasi zan, uribilduaren 700. urteurrenaren ospakizunaren barruan. Ekitaldi puntuala izan behar zan, baina azkenean sendotu egin da publikoaren aldetik izan dauan harreragatik eta urtero pizten dauan interesagatik”. Jaialdia Portugaleteko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Basquetourrek, HAZIk eta Bizkaiko Txakolina Jatorrizko Deiturak sustatzen dabe.
Edizinoz edizino ekitaldia hazten joan da eta Bizkaiko proposamen enogastronomiko handienetako bat bihurtu da, Portugalete udalerriaren mahastizaintzako eta ardogintzako tradizino historikoa aldarrikatuz. Mendeetan zehar Portugalete mahastiz inguratuta egon zan. Txakolin ekoizpen handia izan eban uribilduak, eta txakolinaren salmenta herriaren ekonomiaren oinarrietako bat izan zan. Nortasun horri balioa emoten deutso Bizkaiko Txakolina Fest jaialdiak, txakolinaz gozatzeko pentsautako programazinoaren bidez: kultura, lurraldea, gastronomia eta tradizinoa.