Galdakaoko Udalak harrera ofiziala egin deutse Gaztetrukea programan parte hartzen daben Galdakaoko eta Poloniako gazteei. Danetara, 26 gaztek —13 Galdakaokoak eta 13 Varsoviakoak— hartzen dabe parte, lau pertsonak lagunduta (herrialde bakotxeko bi), kultur trukea, alkarbizitza eta jasangarritasuna sustatzea helburu daukan ekimen honetan. Argizai Eskaut Taldeak antolatzen dau programea, Galdakaoko Udalaren laguntzagaz. Aurten, ganera, Bengoetxe Institutuaren lankidetzari esker, taldeak Europako boluntario baten eta galdakoztar gazte baten laguntza izango dau, proiektuaren barruan praktikak egiteko.
Galdakaoko udaletxean egindako harreran, Iñigo Arriandiaga alkateak eta Amets Iturbe Gazteria zinegotziak ondoetorria emon eutsen parte hartzaileei. Alkateak Galdakaoren historia eta ondarea ezagutzera konbidatu ebazan gazteak, eta Euskal Herriaren historia eta nortasuna be izan ebazan hizpide. Horrezaz gain, Gernikako bonbardaketa, Galdakaok Gerra Zibilean jasandako erasoak eta Burdin Hesia moduko ondare historikoak ezagutzeko gomendia egin eutsen.
Datozan egunetan, gazteek Gernika, Gaztelugatxeko Doniene eta Omako Basoa bisitauko dabez, eta alkarbizitza, euskal eta poloniar kulturen ezagutza eta ingelesaren erabilera sustatzeko jardueretan parte hartuko dabe. Programak ingurumenaren zaintza eta jasangarritasuna lantzeko ekintzak be jasotzen dauz.
Galdakaoko egotaldia amaitzean, taldeak Varsoviara bidaiatuko dau, herri bien arteko loturak sendotzen eta esperientzia partekatzen segiduteko.