Gaztelugatxe ezagutzeko bisita gidatuak Bermeon

Garagarrilaren 4tik abuztuaren 28ra arte eskainiko dira bisitak, 09:30ean eta 11:30ean
Garagarrilaren 4tik abuztaren 28ra bitartean eskainiko dira bisita gidatuak / Depositphotos

Uda sasoian be Bermeoko Udalak bisita gidatuak antolatu dauz Gaztelugatxeko San Juanera. Jakin eragin dabenez, bisitarien erosotasuna lehenesten dau zerbitzuak. Bisita gidatuak garagarrilaren 4tik abuztuaren 28ra bitartean egingo dira.

Bisita gidatuen iraupena hiru ordu ingurukoa izango da, eta Bermeotik urtengo dabe, Lamerako autobus geltokitik hain zuzen be. Izan be, garraio publikoa sustatzea, karbono dioxidoaren emisinoak murriztea eta aparkaleku arazoak saihestea dira helburuetako batzuk. Bisitariak Bermeora erakarri, eta Gaztelugatxeko balio naturalak eta historikoak modu sakonean ezagutzea be bultzatu gura dabez. Bisita gidatuek ordutegi bi izango dabez: 09:30ean eta 11:30ean.

Interesa daukienek, www.bizibermeo.eus webgunean egin leikiez erreserbak. Helduek 10 euro ordaindu beharko dabez, 6 eta 16 urte bitartekoek 5 euro, eta sei urtetik beherakoak euro bat —heldu bakotxeko haur bi gehienez—. Bisita gidatuak joan-etorria autobusez, Gaztelugatxeko historia modu didaktiko eta interesgarrian ezagutzeko gida profesionala, eta San Juaneko ermitara sartzeko tiket guztiak eskaintzen dauz. Bisita honeen bidez, parte-hartzaileek Gaztelugatxeko nortasuna eta berezitasuna modu sakonean ezagutuko dabe: bertako sinismenak, errituak eta ohiturak ezagutzeaz gain, Matxitxako lurmuturraren ikuspegi panoramikoak eta itsasargien bitxikerien barri be izango dabe.

Bermeoko Turismo Bulegoko arduradunek azaldu dabenez, Gaztelugatxeko San Juan ingurune babestu bat da, eta guztion artean jagon beharra dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00