Betiko kontua Nou Campen (2-0)

Athleticek gauza gitxi egin ahal izan dau Bartzelonaren nagusitasunari aurre egiteko
Oihan Sancetek partidua osoa jokatu dau eta aukera garbia euki dau bardinketearen gola sartzeko / Athletic Club

Ez da ezustekorik gertatu Nou Campen Bartzelona eta Athleticen arteko partiduan eta ia beti lez hiru puntuak etxeko taldearentzat izan dira. Esan daiteke zuri-gorriek duintasunez galdu dabela, horrek zeozertarako balio badau. Kontua da, Hansi Flicken taldearen nagusitasuna erabatekoa izan dala baloiaren atzetik korrika ibili dan Athleticen aurrean. Edozelan be, zuri-gorriek partidua bardintzeko aukera garbia euki dabe bigarren zatian baina Oihan Sanceten jaurtiketak zutoinean jo eban.

Denporaldiko partidurik gatxenari ekin deutso Athleticek eta gauza gitxi egin ahal izan dau liga txapeldunaren zelaian. Hamaikako erasokorra zelairatu dau Edin Terzicen, Williams anaiak ipinita Sancetegaz batera Guruzetaren atzetik. Zelai erdian, Canales titular izan da Mikel Jauregizarregaz batera. Atzealdeari jagokonez, Johaneko gaztearen aldeko apostua egin dau zuri-gorrien entrenatzaileak eta nabarmendu beharra dago lapurtarrak egindako lan ona. Azkenik, Hugo Rinconek Jesus Aresoren lekua hartu dau atzealdeko eskoiko hegalean.

Athleticek politto ekin deutso norgehiagokari. Baloiaren jabetzea Bartzelonarena izan bada be, Terzicen gizonak ondo ipinita egozan zelaian. Edozelan be, Nou Campen sarritan gertatzen dan moduan, etxeko taldeak partiduaren norabidea aldatu leike edozein momentutan, goi mailako jokalariak dituelako. Raphinak emon eban lehenengo abisua buruz baloia zutoinera errematau dauenean. Handik gitxira, Pedrik baloi bikaina sartu deutso brasildarrari eta bigarrenean ez dau parkatu.

Markagailuan atzetik joan arren Edin Terzicek ez dau aldaketarik egin atsedenaldian. Handik gitxira, ostera, Navarro eta Berenguer zelairatu ditu bere taldea erasoan ezinean ebilela ikusita. Hortik aurrera etorri dira zuri-gorrien minuturik onenak erasoan, Berenguerren ezker hegaletik batez be. Athleticek aukera bat euki dau partidua bardintzeko eta ez dau asmau Sanceten jaurtiketak zutoinean jo dau-eta. Handik gitxira etorri da partidua erabagita itxi dauen etxeko taldearen bigarren gola, Ferminek Laportek egindako oparia baliatu dauenean. Hortxe amaitu da partidua.

Partidu bi eta punturik lortu barik ekingo deutso Athleticek datorren domekako Celtaren aurkako partiduari. Ezin esan Terzicen taldeak hasiera ona emon deutsonik denporaldiari Nou Campen galtzea aurreikuspen guztietan agertzen bada be.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00