Abuztuaren 8an CPH Open 2026 nazinoarteko skate txapelketa ospetsuaren proba bat hartuko dau Getxok. Arrigunagako La Kantera skatepark-ak munduko skaterrak bilduko dauz barriro, gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan. Txapelketea orain dala 19 urte sortu zan Kopenhagen, eta Europako hainbat uri zeharkatu dauz azken edizinoetan. Oraingoan Bordelen, Biarritzen, Bilbon, Basaurin eta Getxon egingo dau geldialdia.
Getxoko hitzordua 14:00etan hasiko da, lehiakideen beroketa saioakaz eta 15:00etatik aurrera Pool txapelketea izango da. Ondoren, 17:00etan, Banks eta Half Pipe txapelketea jokatuko da, eta 19:00etan, trikimailu onenen atala. Ganera, aurreikusita dago 21:00etatik aurrera jai-itxiera bat egitea DJen musikeagaz Arrigunaga inguruan.
Australia, Suedia, Txile, Frantzia eta Japoniako 40 skater baino gehiago izango dira La Kanteran. Antolatzaileek zehaztu dabenez, emakumezkoetan, Sarah meurle, Havley Wilson, Nicole Hause, Georgia Martin, Elisa Steamer eta Cata Díaz nabarmentzen dira. Gizonezkoei jagokonez, Noah Mahieu, Dylan Jaeb, Mason Silva, Cyprus Blanco, Shane O´Neill, Stefan Janoski, Eric Koston eta Brian Anderson, besteak beste. Bertoko skaterrek be parte hartuko dabe: Sergio Cadena, Marcelo Cáceres eta Izei Villacorta Euskadiko txapelduna.