Bolondres eguna lehenengoz Abadiñon

Zapatuan ospatuko da, herriko boluntarioen lana aitortzeko asmoz

Abadiñoko Udalak Bolondres eguna ospatuko dau zapatu honetan, irailaren 19an, udalerriko boluntarioen lana eskertzeko eta aitortzeko asmoz. Jardunaldia 19:00etan hasiko da Traña-Matienako Pino plazan.

Udaletik jakin eragin dabenez, Abadiñon 50 alkarte baino gehiago dagoz, eta ehunka pertsonek modu boluntarioan parte hartzen dabe hainbat arlotan: kultura eta kirol alkarteetan, aisialdi taldeetan, jai batzordeetan, gizarte ekintzan eta gazte zein adinekoen taldeetan. “Euren lanari esker, urte osoan zehar udalerrian jarduera eta proposamen eskaintza zabala eta askotarikoa eskaintzen da. Ganera, euren parte hartzeak lankidetza, nortasuna, aniztasuna eta komunidade sentimendua moduko balioak islatzen dauz”, azaldu dabe Abadiñoko Udaletik.

Bolondres eguna ospatuta, Abadiñoko Udalak parte hartzeko eta alkarlanean eraikitzeko modu hau jarri nahi dau balioan, eta bere esker ona helarazo gura deutse modu desinteresaduan Abadiñori bizia emoten laguntzen deutsien pertsona guztiei. Abadiñoko Udalak herritar guztiak konbidatu nahi dauz zapatuko jardunaldian parte hartzera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00