Amorebieta-Etxanok XXV. Txistu Eguna ospatuko dau bihar, irailaren 19an. Udalerriko kultur egutegian finkatutako hitzordua da, eta aurtengo edizino bereziak egitarau zabalagoa eta parte-hartzaile gehiago izango dauz. Udazken Txistulari Taldeak Amorebieta-Etxanoko Udalaren laguntzeagaz antolatuta, Txistu Egunak musika, tradizinoa eta herri-kultura eroango dauz barriro be herriko kaleetara. Helburua txistua herritarrengana hurreratzea eta gaur egungo gizartean bizirik dagoan musika-tresna lez daukan presentzia indartzea da.

Egitaraua egun osoan zehar garatuko da. Goizean, 11:00etatik 14:00etara, Udazken Txistulari Taldeko kideek udalerriko hainbat gune zeharkatuko dabez. 12:00etan, barriz, kalejira bateratua egingo dabe herrigunean zehar. Arratsaldean, 17:30etik 21:30era, eguneko ekitaldi nagusia egingo da: 65 txistulari inguruk osotutako musika-topaketa handia. Edizino honetan Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroatik etorritako 12 taldek parte hartuko dabe, soinujoleek eta metalezko instrumentuen talde batek lagunduta. Taldeek Amorebieta-Etxanoko hainbat gunetan ibilbidea egingo dabe, eta kontzertu txikiak eskainiko dabez.
Parte hartuko daben taldeak honako honeek izango dira: Usartza (Eibar), Gazteak (Errenteria), Jaizale (Durango), Gure Ametsa (Mungia), Kankinkabara (Bermeo), Oskia (Iruñea), Euskal Giroa Txistulariak (Sestao), Santurtziko Txistulari Banda (Santurtzi), Goiz Deia (Legazpi), Itxaropena (Lekeitio), Segundo Olaeta (Gernika-Lumo) eta Udazken Txistulari Taldea (Amorebieta-Etxano).
Udazken Txistulari Taldea
Udazken Txistulari Taldeak urte osoan zehar egiten dau lan, txistua udalerriko musika-eskaintzan eta gizarte-ekitaldietan txertatzeko. Domeketako kalejirak egiten dauz urte osoan zehar (abuztuan izan ezik), Amorebieta-Etxanoko auzoetako jaietan parte hartzen dau, eta ganera, orain dala 26 urtetik hona Karmengo jaietako Txistularien Kontzertua antolatzen dau.