Zapatuan emongo jako hasierea Berrizko Mesedetako Misiolarien mendeurrenari

1926ko irailaren 19an Berriztik Wuhura (Txina) urten eban lehenengo misiolari-taldeak
Berrizko Mesedetako Misiolarien mendeurrena / Bilboko Elizbarrutia

On Joseba Segura Bilboko gotzaina buru izango da zapatu honetan, irailak 19, Berrizko Mesedetako Misiolarien lehenengo misiolari-espedizinoaren mendeurrena ofizialki zabalduko dauan Eukaristian. Ospakizuna 11:00etan izango da, eta bertan batuko dira Eleizbarrutiko abadeak, merzedarioak, jesuitak, Ekuadorren egindako misiolariak eta hainbat agintari. Besteak beste, Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak, Orland Isoird Berrizko alkateak eta Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako foru diputaduak hartuko dabe parte.

Bezperan, bihar, barikua, esperientzia-mahai bat egingo da. Lehenengo misiolari-fundazinoei lotutako hiru erlijiosak euren testigantzak eta bizipenak partekatuko dabez. 18:00etatik aurrera, Angel Liuk (Taiwan), Isabel Semanek (Saipan-Mikronesia) eta Filomena Hirotak (Japonia) euren komunidadeen errealidadea eta Berrizko misiolarien etorrerak bertan itxitako aztarna azalduko dabez.

Ehun urte lehenago hasitako historia

Mendeurrenaren abiapuntua 1926ko irailaren 19an dago. Egun haretan, Berrizko Vera Cruz Mesedetakoen monasterioko sei monjak klausuratik urten eben, Wuhura (Txina) bidaia egiteko. Erabagi harek aldaketa handia ekarri eban komunidadearen historian, eta Berrizko komunidadearen misino-bokazinoa behin betiko zabaldu eban. Lehenengo sei misiolariak honako honeek izan ziran: Mª Begoña Dochao eta Josefina Bilbao bilbotarrak, Expectación Echániz azkoitiarra, Auxilio de María Urízar eibartarra, Encarnación Vicandi iurretarra, eta Aurora Chopitea markinarra.

Ehun urte geroago, Berrizko Mesedetako Misiolarien familia, erlijiosoek eta laikoek osotuta, bost kontinenteetan zabalduta dago. Mendeurrenak ‘Mugak zeharkatuz bizia emoteko’ leloa izango dau, lehenengo misiolarien esperientzia eta gaur egungo erronkak lotuz. 2028ra arte luzatuko dira mendeurreneko ospakizunak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00