Abian da Bilbo 1700. Lau begirada erakusketa ibiltaria. Bilboko lau museok lankidetzan garatutako ekimena da, Arte Ederren Bilboko Museoko bildumako Bilboko bista margolanaren hainbat alderdi interpretatzeko. Ezagutzen dan Bilboren irudikapen piktorikorik zaharrena dala uste da.
Ekimenak urtebeteko iraupena izango dau. Denbora horretan, margolana Itsasmuseum Bilbao, Eleiz Museoan eta Euskal Museoan erakutsiko da, eta azkenik, 2027ko urrian, Arte Ederren Bilboko Museora iritsiko da. Museo bakotxak bere ezagutza-arloaren eta museo-esparruaren ikuspegitik interpretauko dau obrea.
Bilboko bista (1700 inguruan)
Formatu handiko obrea da (206,5 x 270 cm), eta dokumentu-balio aparta dauka. Horri esker, Bilboren eraldaketa historiko eta urbanistikoa hobeto ezagutzeko iturri barria eskaintzen dau. Espezialisten arabera, uribilduarentzat erabakigarria izan zan garai bateko ikusizko lekukotza bakanetako bat da, eta gaur arte kontserbatu dan uriko irudikapen piktorikorik zaharrena. Gaur egungo Miribilla ingurutik, margolanak irudi bakarrean biltzen dauz itsasadarra, portua, iru-eremua, elizak, lanbideak, eguneroko bizitza eta uria irudikatu eban artistearen begiradea. John Seale (1667-1714) merkatari ingelesak enkargau eban obrea. XVII. mendearen amaieran Bilbon kokatu zan, eta merkataritza-jarduerari esker oparotasun ekonomikoa lortu eban. Margolanaren egilea ezezaguna da, baina izan lei Bustrín familiako artistaren batek egin izana. Garai hartan Bilbon jarduera handia izan eban artista-leinu bat zan familia hori.
Obrak argitaratu barik eta ezkutuan iraun eban hiru mende baino gehiagoz, 2025eko urrian Arte Ederren Bilboko Museoak erosi eban arte. Olio-pintura hau berreskuratu arte, Aro Modernoko Bilboren ezagutza grabatuetan eta inorimatutako bistetan oinarritzen zan batez be.
Bilbo 1700. Lau begirada erakusketa ibiltaria
Bilboko bista margolanak hainbat kontakizun biltzeko daukan gaitasunean oinarrituta, lau museoek alkarlanean proiektu ibiltari hau abian jarri dabe, margolana lau museotan ikusgai egon daiten, bata bestearen atzean. Holan, obrea ikusteko eta ulertzeko modu desbardinak eskainiko dira. Margolana ohiko testuingurutik atara, eta ibilbidean zehar garatutako irakurketa desbardinakaz aberastuta itzuliko da: itsasokoa, erlijiosoa eta artistikoa, hain zuzen. Hau da, obraren ikuspegi poliedrikoa.