Athleticek Euskal Herria kopea irabazi dau Maroan Sannadik bigarren zatiko hamahirugarren minutuan buruz sartutako golari esker. Edin Terzicek zuzentzen dauen taldea aurkaria baino gehiago izan da Anoetan eta laugarrenez eskuratu dau lehen mailako euskal taldeen artean jokatzen dan lehiaketea. Bederatzi urte eta erdi igaro dira zuri-gorriek azken aldiz Realaren zelaian irabazi ebenetik.
Egia da ez dala partida ofiziala izan eta aurkariak titular asko barik jokatu dauela. Edozelan be, Realari irabaztea eta, ganera, bere zelaian, pozgarria da ezelango zalantza barik. Beste alde batetik, eta barri onakaz jarraituta, Maroan Sannadi aurrelariari oso ondo etorriko jako gola sartu izana. Izan be 2025eko abuztutik egoan golik sartu barik. Horregaz batera, Prados eta Regok hasieratik jokatu dabe maila txukuna erakutsita ganera. Vivianek be hogei minutu jokatu dauz estrainekoz denporaldi honetan, lesinoa iraganeko kontua dala erakutsita. Kontuak kontu, barri onak Athleticentzat Euskal Herria kopearen finalean.
Peio Canalesek hasieratik jokatu dau Euskal Herria kopearen finalean eta orain Espainiako hogeta bat urtez azpiko selekzinoaren deialdiara joango da. Bere taldekideek, barriz, datorren zapatuan Vallecasen jokatuko daben partidua prestatzeari ekingo deutsoe. Gaur gaurkoz, Edin Terzic entrenatzailea plantilako jokalari guztiak ditu prest jokatzeko, Espainiako selekzinoagaz lesionatutako Nico Williams izan ezik. Aurrelariak zuntz hausturea “moderatua” dauka eta gatx eukiko dau Rayo Vallecano, Valentzia eta Levanteren aurkako partiduetan parte hartzea.