Denporaldiko hirugarren porrota Levanteren zelaian (3-1)

Etxeko taldeak ondo baliatu ditu Athleticek lehen zatian egindako hutsak hiru puntuak eskuratzeko
Iñigo Ruiz de Galarretak partidu osoa jokatu dau Ciutat de Valencia estadioan / Athletic Club

Athleticek ezin izan dau punturik lortu Levanteren zelaian jokatu dauen partiduan. Zuri-gorriek 3-1 galdu dabe seigarren jardunaldiari jagokon norgehiagokan. Denporaldiko hirugarren porrota da Edin Terzicen taldearentzat. Barriro be agirian geratu dira Athleticek erasoan dituen zailtasunak. Horreri gehitzen badeutsaguz atzealdean egindako hutsak, gatxa baino gatxagoa bilakatzen da punturen bat eskuratzea.

Edin Terzicek aldaketak egin ditu Ciutat de Valencia estadioan zelairatu dauen hamaikakoan, aurreko jardunaldian Mestallan erabilitakoagaz alderatuta. Yeray eta Yuri Berchiche sartu dira atzealdean, zelain erdian Mikel Jauregizarrek hartu dau Beñat Gerenabarrenaren lekua Ruiz de Galarretaren alboan, Johaneko zelai erdian jokatu dau ezkerretik Robert Navarro eta Berenguerregaz batera eta Maroanek jokatu dau aurrealdean Iñaki Williamsen ordez.

Polito hasi dira zuri-gorriak zelaian agintzen eta seigarren minutuan Hugo Rinconek aukera ona euki dau lehenengo gola sartzeko. Hiru minutu beranduago Levanteko atezainak sekulako geraketea egin dau Berenguerrek area kanpotik egindako jaurtiketa bikaina kornerrera bialtzeko. Athletic nagusi zan zelaian eta bazirudien golen bat etortekotan zuri-gorrien aldekoa izango zala.

Futbolean, baina, gauzak goitik behera aldatu daitekez jokaldi baten. Hogetabat garren minutuan, Johanekok baloi bat galdu dau hegalean eta errebote pilo baten ostean Brugek sareetara bialdu dau baloia. Handik gitxira, minutu bira hain zuzen be, zuri-gorriek beste baloi bat galdu dabe euren zelaian eta Levantek bigarren gola sartu dau. Etxeko taldeak ez dau beste ezer egin erasoan partidu osoan, lehen zatian aurkariak egindako opariak baliatu besterik ez.

Terzicek Jauregizar eta Johaneko kendu ditu atsedenaldian Canales eta Iñaki Williams zelairatzeko. Athletic jo eta su aritu da lehenengo golaren bila baina baloiaren jabetzea euki arren ez eban lortzen arrisku garbirik sortzea aurkariaren ate aurrean. Bigarren zatiko hogeta bat garren minutuan Maroan Sannadik aurrea hartu deutso Olasagastiri area barruan baloi bat eskuratzeko borrokan eta epaileak penalti adierazo dau jokaldia telebistan berrikusi ostean. Berenguerrek sartu egin dau penaltia -ez da gitxi- eta era berean partiduan sartu dau bere taldea.

Partiduko azken laurena egoan jokatzeko eta Athleticek bardinketearen gola bilatzeari ekin eutson. Handik zazpi minutura, ostera, zuri-gorriak hamar gizonegaz geratu dira epaileak txartel gorria erakutsi deutsolako Aymeric Laporteri. Atzelari zuri-gorria ez da bape fin aritu jokaldian, Levanteko jokalariak aurrea hartu deutso aterako bidean eta lurrera jausi da. Epaileak atzelariaren faltea ikusi dau eta azkena zanez txartel gorria erakutsi deutso. Hortik aurrera Athleticek ez dau amore emon baina ezer gitxi egin ahal izan dau bardinketearen gola sartzeko. Ganera, etxeko taldeak hirugarren gola sartu dau luzapenean.

Kontuak kontu, Edin Terzicen taldeak makal segiduten dau. Levanteren aurkako partiduan barriro geratu dira agirian erasoan daukazan arazoak baina atzealdean be ez dira bape fin ibili. Area bietan makal dabilen taldeak ezin dau partidurik irabazi. Hurrengo hitzordua, domekan izango da San Mamesen Getaferen aurka eguerdiko ordubietatik aurrera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00