Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan Enkarterrietako Museoak, urtero lez, aurten be bat egin dau Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldiakaz, eskualdeko ondare-aberastasuna balioan jarriko daben berbaldi, gidatutako ibilbide eta bisita programagaz.
‘Gure eskuetan’ lelopean, Abellanedako Batzar Etxean dagoan museoak Enkarterriko historia eta ondare kulturala hobeto ulertzen lagunduko daben leku historikoetatik, auzo berezietatik, kirol-instalazinoetatik eta meategietatik ibilbidea proposatzen dau, gaian adituak diranen eskutik. “Jardunaldi honeekaz, ondarea herritarrei modu bizian hurreratu gura deutsegu, historia gertatu zan elkuetan bertan. Ibilbide eta berbaldi bakotxa gure oroimen kolektiboa barriro aurkitzeko eta lurraldeagaz daukagun loturea sendotzeko aukerea da”, nabarmendu dau Javier Barrio Enkarterrietako Museoko zuzendariak.
Ibilbide kulturalak
- Urriak 7 eta 8: Amalia Juliana meatzera (Sopuerta) bisitea. Juan Manuel Román Camposek gidatuko dauan ibilbidea Aleneko meatzari-auzoan barneratuko da, eta zehatzago, antxinako Amalia Juliana meatzean. Antxinako meatzari-herrixkea, frontoia, trenbide-linea, polborategia, plano inklinauak eta XIX. mendearen amaieran inaugurautako meatze horren beste elementu batzuk ikusiko dira.
- Urriak 14 eta 15: Pasaboloa, Enkarterriko antxinako jokoa, hobeto ezagutzeko jardunaldia. Hasteko, Juantxu Zorrilla ikertzaileak joko horri, bere hedaduari, historiari eta ezaugarriei buruzko berbaldia eskainiko dau. Ostean, Abellanedatik, taldea Villaverdeko eta Sopuertako bolatokiak ezagutzera joango da.
- Urriak 18: Ibilbide kulturala Arangurenetik. Zallako auzo hau XX. mendean hasi zan garatzen, La Guata eta La Papelera moduko fabrikak sortu ostean. Fabrika honeek, gaur egun, intereseko ondare-elementu dira.
- Urriak 21: Javier Barrio Enkarterrietako Museoko zuzendariaren berbaldia eta ondorengo mahai-ingurua. Barakaldon hondino irauten daben baina desagertzeko arriskuan dagozan hiru eraikin historikori buruz berba egingo dau: Zubiletako torretxea, Gorostizako Palacio baserria eta Casa Blancas baserria.
Jarduera guztiak doakoak izango dira. Enkarterrietako Museoan hasiko dira (parte-hartzaileak autobusez eroango dabez puntu desbardinetara). Aurretik izena emotea beharrezkoa da, Enkarterrietako Museoaren webgunearen bidez, plazak mugatuak diralako.