Euskal selekzinoak domina bi eskuratu ditu Munduko Txapelketan

Barandika eta Lekerikabeaskoa txapeldun geratu dira zestan binaka eta Maite Ortiz de Mendibil eta Maia Goikoetxea bigarren geratu dira
Euskal selekzinoko pelotariak urrezko eta zidarrezko dominak irabazi ostean / Euskadiko Euskal Pelota Federakuntza

Egun historikoa Euskal Pilota Selekzioarentzat XX. Munduko Txapelketan. Colonia del Sacramentoko (Uruguai) 54 metroko frontoian, Xabier Barandika eta Unai Lekerikabeaskoa txapeldun geratu dira zesta-punta binaka, eta euskal selekzioari lehen urrea emon deutsoe. Aurretik, emakumezkoen finalean, Maite Ortiz de Mendivilek eta Maia Goikoetxeak zidarra eskuratu dabe, euskal selekzioaren historiako lehen dominea, hori be historikoa. Oier Iturbek eta Markel Mujikak, ganera, selekzioaren lehen garaipena lortu dabe xarean.

Gizonezkoen zesta-punta binaka: urrea

Barandikak eta Lekerikabeaskoak 15-9, 10-15 eta 10-4 irabazi deutsie Johan eta Gorka Sorozabal anaiei, Ameriketako Estatu Batuetako taldeari. Lehen jokoan, euskal bikotea nagusi izan da, bien sendotasunari esker: Barandika oso fin aritu da erreboteko pilotetan, eta Lekerikabeaskoaren eskuinak min handia egin ddeutse estatubatuarrei (15-9).

Bigarrenean, egoera irauli egin da. Pelota bi hautsi diranez, materiala aldatu behar izan dabe, eta Sorozabal anaiek, jokoan erakutsitako nagusitasunari esker, jokoa irabazi dabe (10-15). Bardinketea hausteko jokoan, estatubatuarrak aurretik jarri dira hasieran, baina Barandika eta Lekerikabeaskoa zehatzago aritu dira, huts gitxiago egin dabez eta 10-4 itxi dabe finala. Joko horretan galtzaileen hutsek irabazleek egindakoek baino pisu handiagoa euki dabe. Final oso fisikoa izan da, eta bikoterik sendoenak irabazi dau.

Emakumezkoen zesta-punta binaka: zilar historikoa

Maite Ortiz de Mendivilek eta Maia Goikoetxeak 9-15 eta 12-15 galdu dabe finalean Espainiako Erika eta Arairen aurka. Espainia faborito zan txapelketan erakutsitako nagusitasunagatik, baina final baten edozer gerta daiteke. Espainiarrak hobeto hasi dira: Erikak aurrean agindu egin dau, eta Araik, ohi bezala, pilota guztiak saskiratu ditu hutsik egin barik. Euskal bikotearen asmoa errebotetik min egitea zan, baina espainiarrek ia dana itzuli dabe, eta lehen jokoa Espainiarentzat izan da.

Bigarrenean, euskal bikotea ondo sartu da eta oraingoan Erika jokotik kanpo iztea lortu dau. Maiak oso urrun bidali dau pilotea errebesez, eta Maitek partidua aldatu dau: airez sarri sartu da, atzealdea zigortu dau eta hutsuneak ireki ditu. Jokoaren erdialdean 8-6 aurreratu dira, baina amaieran espainiarrak egokitu egin dira, Arairen defentsa bikainarekin. Tantoak luzatu egin dira, euskal bikoteak ezin izan ditu amaitu, eta Espainiak markagailua irauli dau (12-15).

Xarea: historiako lehen garaipena

Oier Iturbek eta Markel Mujikak 15-13 eta 15-10 irabazi deutsie Moller eta Caffera uruguaitarrei ligaxkako azken partiduan, dana jokoan egoan norgehiagokan. Xuban Lopetegi gaixorik egoanez, euskal bikoteak bi atzelarirekin jokatu dau: Iturbe aurrelari eta Mujika atzelari. Euskadi galtzen hasi da, baina biak bikain aritu dira lehen jokoaren amaieran, markagailua irauli eta 15-13 irabazteko. Bigarrenean, euskaldunen hasiera onaren eta uruguaitarren bardinketaren ondoren, euskal bikoteak jokoaren erdialdetik aurrera barriro orekea lortu, alde egin eta 15-10 itxi dau partidua. Euskal Pilota Selekzioak Munduko Txapelketa baten xarean lortu dauen lehen garaipena da; horri esker, hirugarren eta laugarren postuetarako partidua jokatuko dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00