8 kilotik gorako txakurrek Metro Bilbaon bidaiatu ahal izango dabe urriaren 15etik aurrera, baina baldintza eta ordutegi jakin batzukaz. Holan, ezin izango dabe metroa erabili lanegunetako puntako orduetan (07:00etatik 10:00etara, 13:00etatik 16:00etara eta 18:00etatik 20:00etara). Ganera, ezindo dabe metroan bidaiatu bariku eta zapatuetako gaueko ordutegian, ezta pilaketa edo mugikortasun handiko egoeretan be (San Mamesen partidua dagoanean, Aste Nagusian…). Ez dira baldintza bakarrak: 8 kilotik gorako txakurrek muturrekoagaz eta 50 zentimetroko luzera gainditzen ez dauan uhalagaz bidaiatu beharko dabe. Era berean, ezin izango dabe tren bakotxeko lehen edo azken bagoian bidaiatu, mugikortasun urriko pertsonentzat eta haurren aulkientzat erreserbatuta dagozalako.
Metroan sartzerako orduan, 8 kilotik gorako txakurrek ezin izango dabez eskailera mekanikoak edo pasabide mugikorrak erabili. Igogailuak erabili ahal izango dabez, baina lehentasun-ordena errespetatuz eta gainerako bidaiariei eragozpenik sortzen ez badeutse.
Metro Bilbaoko barne-araudia aldatzeak, aukera emongo deutse pertsonei animalia bakarragaz joateko (txakurra, katua…), beti be baldintza egokietan bidaiatzen badabe eta arriskutsua ez bada. Ildo horretatik, indarrean dagoan legediaren arabera arriskutsuak izan daitekezan txakurrak ezin izango dira metrora sartu, ezta izaera exotikoa daukan beste edozein animalia (narrastiak, armiarmak, intsektuak…) be. Baldintza barriak ez jakez aplikatzen laguntza-txakurrei, ezta 8 kilo baino gitxiagokoei be, eta orain arte lez bidaiatzen jarraituko dabe.
Metro Bilbaok liburuxka informatibo bat argitaratu dau, erabiltzaileek baldintza barriak ezagutu dagiezan.