Eusko Label Winter Series, zesta-punta txapelketa ospetsuenak, aurtengo edizinoan parte hartuko daben zortzi bikoteak jakin eragin ditu. Txapelketea, urtero lez, urriaren azken astelehenean hasiko da. Egun asko falta dira hondino baina aurkezpena aurreratu egin da, hilabete honetan Argentinan eta Uruguain jokatuko den Mundu Pilota Txapelketea dala-eta. Aste honetan emongo daben txapelketako multzo bien eta egutegiaren barri.
Honako honeek dira aurtengo Winter Series txapelketan lehiatuko diran zortzi bikoteak:
- BARANDIKA-BASQUE: Jai Alai Leagueko txapeldun barriak dira. Igaz elkarrekin jokatu eben Winterra baina Barandika lesionatu egin zan eta ezin izan eban jokatu finala. Aurten igazko arantzea atara nahiko dabe.
- ERKIAGA-SALEGI: Aritz Erkiaga hiru bider izan da Winterreko txapeldun. Behin Zabalarekin eta bi bider Ibarluzearekin. Aurten beste markinar bat eukiko dau atzean lagun. Eñaut Salegi, 36 urteko esperientziadun atzelaria. Markina-Xemeingo Grand Slamean maila ona emon eban eta kirol merituengatik lortu dau Winterrean jokatzea.
- JOHAN-IBARLUZEA: Winterreko txapeldunak dira biak. Johan egungo txapelduna da, Barandika finalean ordezkatu eta garaipena lortu eban Basquerekin. Ibarluzeak txapel bi ditu Erkiagarekin. Bien esperientziatik eta biek daukien errebes luze horretatik, alkar ondo konpondu eta emaitza ona lortu leukie.
- GOIXERRI-LEKERIKA: Winterreko hiru final galduta ditu Unai Lekerikak. Barandikarekin bat, Goikoetxearekin bigarrena eta Goitiarekin igaz. Gernikarrak arantza hori atara gure dau eta Ekaitz Mendizabal “Goixerri”, bere gustoko aurrelaria da. Lagun onak dira, komunikazio ona daukie alkarregaz eta bien ezaugarriak batuta, bikote gogor eta lehiakorra osatzen dabe.
- LADUCHE-MANCI: Orain dala urte biko azpitxapeldunak dira. Ludovic Laduchentzat frontoi egokia da Gernikakoa. Indar handiko mutila da, errebesez eta eskumaz pilota ondo atzeratzen dau eta Mancik, udako Grand Slama irabazi dau kantxa honetan. Biek, ganera, ondo moldatzen dira bikote moduan.
- OLHARAN-GORKA: Jean Olharan pilotari beteranoa baina maitatua da Gernikan. Igaz ordezkoa moduan Ameriketatik etorri eta izugarrizko maila emon eban, jokatutako partida guztiak irabaziz. Aurten titular lez jokatuko dau, egungo atzelari onenetako bategaz. Gorka Sorozabalegaz.
- GOITIA-OYHENARD: Pelotari indartsuak dira biak. Goitia egungo azpitxapelduna da. Daukan gorputzarekin, ikaragarrizko “gatza” dauka eta Guillem Oyhenard, edizio honetako barritasun nagusietakoa da. Winterra jokatuko dauen lehen pilotari xiberutarra da (Arrokiaga, Maule-Lextarre ondoan, 1999). Iparraldean oso uda ona egin ondoren, pausu natural lez etorri jako Winterrean jokatzeko aukerea.
- URREISTI-ATAIN: Winter ona egiteko ezaugarriak daukiez Eñaut Urreisti, buruz-buruko txapeldunak eta Gorka Mugartegi “Atain”-ek. Markina-Xemeingoa (2004an jaioa) udabarrian hasi zan Jai Alai Leaguean onenekin jokatzen. Tantua dominatzeko ezaugarri guztiak ditu eta Urreisti, koadroko errematatzaile onenetakoa da. Belaunaldi eta adin bereko pilotari gazte bi, bikote oso ona osatzen dabe.