“Txikitatik liburuetara hurbiltzea, liburua jolas bihurtzea eta ipuinekin gozatzea abiapuntu egokia da irakurzaletasuna ereiteko, eta hori da Galdakaoko udal liburutegietatik proposatu nahi doguna. Bi hilabetez haziak ereingo doguz ipuin kontalari programa zabal baten bidez eta itxaroten dogu etorkizunean fruitua emongo dabela”, azaldu dau Edurne Espilla Kultura zinegotziak. Horretarako, Torrezabaleko umeen liburutegian, urriko eta zemendiko martitzen arratsalde guztietan ipuin kontalaria izango da, doan.
Lau ipuin kontalarik hartuko dabe parte: Josune García de Bikuña, Ane Gebara, Odei Arregi eta Ane Arrugaeta. Saioak 18:00etan hasiko dira, eta 45 minutuko iraupena izango dabe.
Umeen eta gazteen ulermenari eta adierazpenari buruzko kezka gero eta gehiago areagotzen ari dan garaiotan, irakurzaletasuna sustatzea etorkizunera begirako apustua egitea dala uste dau Galdakaoko Udala, eta norabide horretan dabil lanean. Ildo horretan kokatzen da ipuin kontalarien ekimen hau. Baina ez da ekintza bakarra. Aste honetan bertan, esaterako, Galdakaoko ikastetxe guztietako Lehen Hezkuntzako ikasleak Torrezabaleko liburutegian beste mota bateko ekimen baten parte hartzen dabilz, irakurzaletasuna sustatzeko helburu beragaz.