Itsasmuseum Bilbaok La Naval. Erraldoien harrobia erakusketea aurkeztu dau, Sestaoko ontziolak Bizkaiko industria-historian izan eban garrantzia eta bertan eregitako ontzien zein lan egin eben pertsonan historia berreskuratzeko. Erakusketea 2027ko apirilera arte egongo da ikusgai.
Ontzi-modeloek, argazki historikoek, planoek, aireko irudiek eta dokumentazinoak osotuten dabe erakusketea. Denbora-lerro batek La Navalen aurrekariak eta bilakaera historikoa azaltzen dauz, eta ibilbidearen ardatz nagusia 1960ko hamarkadatik ontziolaren jarduera amaitu arteko aldia da. Erakusketak La Navalek nazinoarteko itsas industriaren testuingurura egokitzeko egindako ibilbidea erakusten dau. Petrolio-ontzi eta merkataritza-ontzi handien eraikuntzatik hasi, eta anezka-ontziak, metano-ontziak, neurri handiko dragak, belaunaldi barriko ferryak, kable-ontziak eta konplexutasun teknologiko handiko beste hainbat ontzi garatu arte.
Hala ere, La Naval. Erraldoien harrobia ez da ontziei buruzko erakusketa bat bakarrik. Batez be, ontzi horreek posible egin ebezan pertsonei egindako omenaldia da. Jarduera handieneko garaietan, 4.000 pertsona baino gehiago aritu ziran zuzenean lanean La Navalen, eta horreei enpresa laguntzaileakaz, tailerrekaz eta kontratakaz lotutako beste pertsona asko gehitu behar jakoz. Ontziolaren jardunak Sestao, Barakaldo eta Ezkerraldeko zati handi bateko eguneroko bizimoduaren erritmoa marketan eban.
Erakusketea 2027ko apirilera arte egongo da zabalik Itsasmuseum Bilbaon. Tarte horretan, beste jarduera batzuk be garatuko dira. Besteak beste, urriaren 22an Ángel Comonte komisarioak eskainiko dauan bisita gidatua, edota hilaren 24an eta 25ean egingo dan familientzako tailerra.