Zemendiaren 7an Palestinaren aldeko BBT martxa antolatuko dau Elorrio Palestinarekin plataformak. Elorrioko BTT Elkartasuna martxa auzoz auzo, Palestinaren Alde izeneko ekimenaren helburua Palestinako herriari babesa eta alkartasuna adieraztea dira, eta era berean, herritarrak mendi bizikletearen inguruan alkartzea, antolatzaileek ohar baten adierazi dabenez. Martxak ibilbide bi izango dauz: familia osoarentzako egokia dan 10 kilometroko ibilbide laburra, eta esperientzia handiagoa daukien parte-hartzaileentzat prestautako 20 kilometroko ibilbide luzea (560 metroko desnibel metatuagaz). Urteerak Elorrioko plazatik egingo dira, 09:00etan eta 10:00etan, hurrenez hurren.
Jardunaldia ez da bakarrik kirol ekitaldi bat izango. Goiz osoan zehar, tailerrak, jolasguneak, musikea eta giro atsegina izango dira Elorrioko plazan, eta 12:00etan ekitaldi bateratua eta herri-argazkia egingo dira. Ekimenaren bidez bildutako diru guztia, Mundubat gobernuz kanpoko erakundeari emongo jako. Laguntza hori Palestinan garatzen diran proiektuetara bideratuko da. Besteak beste, elikagaiak eta oinarrizko baliabideak eskuratzeko laguntza humanitariora, emakumeen eta nekazarien alkarteakaz lankidetza indartzera, haur eta familientzako laguntza psikologikora, eta elikadura-burujabetza sustatzeko proiektuetara.
Palestinaren aldeko BTT martxan izena emoteko epea zemendiaren 4an amaituko da. Antolatzaileek herritar guztiak konbidatzen dauz ekimenean parte hartzera, bizikletaz martxan edo egunean zehar antolatutako ostantzeko jardueretan parte hartuz, Palestinako herriarekiko alkartasun mezua zabaltzeko. Informazino gehiago eta izen emoteak, www.kronoak.com webgunean.