Pozik punto bategaz Mestallan

Lehen zatian zuri-gorriak aurkaria baino gehiago izan badira be, bigarrengoan etxeko taldeak aukera garbiak euki ditu partidua irabazteko
Terzicek Hugo Rimcon eta Johaneko sartu ditu hasierako hamaikakoan Areso eta Yuri Berchiche aulkian itxita / Athletic Club

Athleticek puntu bat eskuratu dau Valentziaren aurka Mestallan liga txapelketako bederatzigarren jardunaldiko partiduan. Zuri-gorriak aurkaria baino gehiago izan dira lehen zatian baina bigarrengoan Javier Agirreren taldeak hiru gol aukera garbi euki ditu Unai Simonen ate aurrean. Ganera, Gorka Guruzeta lesionatu egin da zelaira urten eta minutu gitxira, eta Edin Terzicek aldatu egin behar izan dau. Hori gitxi balitz, Athleticek hamar gizonegaz jokatu behar izan ditu azken hamabost minutuan Robert Navarrok giharretako arazoak euki ditu-eta. Zelan segidu behar izan dau Terzicek bost aldaketak eginda zitualako. Kontuak kontu, eta Athleticek partiduan zehar erakutsi dauen gainbeherea ikusita, ontzat emon behar da Mestallan lortutako puntua.

Athleticeko entrenatzailea seguru egoan bere taldeak partidu bikaina egingo ebala Mestallan. Zoritxarrez, ezin esan alemaniarrak asmau ebanik zuri-gorrien errendimendua gura baino makalagoa izan da-ta. Nico Williams eta Oihan Sancet barik ekin deutso Athleticek Valentziaren aurkako partiduari eta ezustekoak egon dira hasierako hamaikakoan, atzeko lerroan batez be. Izan be, Terzicek Hugo Rincon eta Johaneko zelairatu ditu hegaletan, aurreko domekan Vallecasen titular izan ziran Areso eta Yuri Berchicheren ordez. Laportek hasieratik jokatu dau Paredesegaz batera eta Yeray Alvarez ordezkoen aulkian geratu da. Hortik aurrera ez da beste barritasun aitagarririk egon. Gerenabarrenak eta Ruiz de Galarretak jokatu dabe zelai erdian, Berenguerrek, Canalesek eta Robert Navarrok osotutako hiruko lerroaren atzetik, Iñaki Williamsegaz aurrealdean.

Lehen zatia ez da ikusgarria izan. Valentziak, etxean jokatu arren, ez dau behin be jaurti Unai Simonen atera. Athleticek be ez dau gauza handirik egin. Lehen zatia amaitzear egoala egin dau Iñaki Williamsek jaurtiketa bakarra Dimitrievskiren atera. Athleticek eroso egon da lehen zatian eta aurkaria baino gehiago izan arren ez dau merito handirik egin markagailuan aurretik joateko. Johaneko izan da talde zuri-gorriko gizonik arriskutsuena lehen berrogeta bost minutuetan.

Txartel horia eukan Beñat Gerenabarrena kendu dau Terzicek Mikel Jauregizar zelairatzeko. Javier Agirrek garaipenaren aldeko apostua egin dau Luis Rioja eta Otorbi gaztea zelairatuta. Danjumaren eskutik etorri da bigarren zatiko lehen aukera garbia. Zorionez, herbereetako aurrelariak gehiegi gurutzatu dau jaurtiketea. Ostean, Otorbi gazteak eta Javi Guerrak aukera garbiak euki dabez partiduko lehenengo gola sartzeko baina ez dabe asmau.

Terzicek hiru aldaketa egin dauz, Ruiz de Galarreta, Iñaki Williams eta Johaneko kendu eta Rego, Guruzeta eta Areso zelairatzeko. Azken hau eskoiko hegalean ipini da eta Hugo Rinconek bete dau Johaneko lekua ezkerrekoan. Horrek esan gura dau, Yuri Berchichek arazo fisikoren bat eukala. Bestela, ez da ondo ulertzen Hugo Rincon aritzea ezker hegaletik zarauztarra jokatzeko moduan egonda.

Aldaketa hirukoitza egin eta sei minutura, Gorka Guruzeta lesionatu egin da belaunean bera bakarrik. Itxaron daigun lesino larririk ez eukitea baina jokaldia ikusita, kezkatzeko motiboak egon daitekez. Ganera, Terzicen taldeak hamar gizonegaz jokatu behar izan dau azken ordu laurena Robert Navarro be lesionatu egin dalako. Kontuak kontu, etxeko taldea gehiago izan da bigarren zatian eta arestian esan bezala, ontzat emon behar da Mestallan lortutako puntua. Ikusi egin behar orain zelan dagozan jokalari batzuk, Guruzeta, Robert Navarro, Johaneko eta Yuri Berchiche datorren eguazteneko Levanteren aurkako partidurako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00