Beste urte batez, Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazteria zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen alkartearen Gazteria zerbitzuak, Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera, Busturialdeko XIII. Enpresa Ideia lehiaketea antolatu dabe, Lana bilatzea, lana da eskualdeko gazteei laguntzeko programearen barruan. Aurreko edizinoetan lez, lehiaketearen helburuak kultura ekintzailea sustatzea, enplegua eta aberastasuna sortzea Busturialdean, eskualdeko garapen ekonomikoa bultzatzea eta sustatzea, eta enpresa-proiektu onenak saritzea da.
Lehiaketan 18 eta 35 urte arteko gazteek edo gazte-taldeek parte hartu ahal izango dabe, Bizkaiko lurralde historikoan erroldatuta badagoz eta negozio-ideia eta jarduteko gaitasun osoa badaukie, eta enpresa-ideia (enpresa edo ekoizpen-gunea) Busturialdean badago. Zerbitzu edo produktu baten ideia sortzaileak izan daitekez, edo 2025ean edo 2026an sortutako negozioak/enpresak, baina derrigorrez Busturialdean kokatuta egon beharko dabe.
Proiektuak edo proposamenak aurkezteko azken eguna 2026ko zemendiaren 6 izango da, 14:00ak arte. Horretarako, izena emoteko fitxa, sustatzailearen datuak jaso behar dauan dokumentua eta bete beharreko baldintza guztiak jasotzen dauzan oinarriak www.gaztebusturialdea.eus webgunean dagoz eskuragarri.
Aurten be lau sari banatuko dira:
- 1. saria: 3.000 euro eta urtebeterako aholkularitza zerbitzua Torrealday Aholkularitzaren eskutik.
- 2. saria: 2.000 euro eta sei hilabeterako aholkularitza zerbitzua Torrealday Aholkularitzaren eskutik.
- Lehen sektoreagaz lotutako ideia onena: 1.000 euro (aurreko sarietakoren bat jaso ez badau).
- Ekonomia Urdina (sari berezia): 1.000 euro (aurreko sarietakoren bat jaso ez badau).
Sari banaketa ekitaldia zemendiaren 26an (19:00etan) egingo da Busturiko BBK Urdaibain. Informazino gehiagorako edo beharrezko eskabideak jasotzeko, Bermeoko Gazteentzako Informazino zerbitzura, Busturialdeko Herri Txikien Gazteria zerbitzura edo Gernika-Lumoko Gazteentzako Informazino bulegora jo daiteke.