Zornotzako nazinoarteko krosaren 72. edizinoa jokatuko da domekan

Hainbat mailatako atletak bilduko dauz, eskola-adineko kirolarietatik hasi eta nazinoarteko eliteko atletetaraino
Udaleko, Foru Aldundiko eta Zornotzako kirol alkarteko ordezkariak egon dira probearen aurkezpenean / Zornotzako udala

Zornotzako Nazinoarteko Krosaren 72. edizioa jokatuko da datorren domekan, urriaren 18an, Amorebieta-Etxanoko Jauregibarriako zelaietan. Zornotza Kirol Elkarteak antolatutako proba World Athletics Cross Country Tour Gold zirkuituko maila gorenean dago, eta hainbat mailatako atletak bilduko ditu, eskola-adineko kirolarietatik hasi eta nazioarteko eliteko atletetaraino.

Aurkezpenean, Ainhoa Salterain alkateak kirol-hitzordu honek udalerriarentzat daukan garrantzia nabarmendu dau: “Zornotzako Nazinoarteko Krosa kirol-lehiaketa bat baino askoz gehiago da; Amorebieta-Etxanoko historiaren eta nortasunaren parte garrantzitsua da. 72. ediziora heltzea eta nazinoarteko krosaren elitean jarraitzea harro egoteko modukoa da gure udalerriarentzat”, adierazi dau. Alkateak probearen izaera parte-hartzailea azpimarratu dau, eta antolatzaileen inplikazioa eskertu dau: “Maila goreneko kirolariak, atleta gazteak, familiak eta herritarrak kirolaren inguruan alkartzen dituen jardunaldia da. Horregatik, bereziki eskertu nahi ditut Zornotza Kirol Elkartearen lana eta konpromisoa, baita hitzordu honek urtez urte hazten jarrai dagian lan egiten daben pertsona guztien ahalegina be”, ganeratu dau.

Zornotzako Nazinoarteko Krosak World Athletics Cross Country Tour Gold zirkuituan jarraitzen dau, maila gorenean. Aitortza horrek diziplina honetako erreferentziazko lehiaketen artean kokatzen dau probea, eta Amorebieta-Etxanoren izena nazinoarteko kirol-esparruan ezagutarazten laguntzen dau.

Adin guztietako atletentzako jardunaldia

Urriaren 18ko egitaraua 9:40ean hasiko da, 14 eta 16 urtez azpiko emakumezkoen probekin. Ondoren, maila bereko gizonezkoen lasterketak eta 12, 18 eta 20 urtez azpikoen probak jokatuko dira. Jardunaldian, desgaitasuna duten atletentzako probea be egingo da, 11:25ean, eta herri-lasterketa mistoa 11:40ean hasiko da.

Nazinoarteko maila absolutuko lasterketek emongo deutsoe amaierea lehiaketari. Emakumezkoen probea 12:15ean hasiko da, eta gizonezkoena 13:00etan, biak 8.700 metroko ibilbidearekin.

Herri-lasterketa eta produktu lokalen zozketa

Egitarauko hitzordu aipagarrienetako bat 4.700 metroko herri-lasterketea izango da, 2008an edo lehenago jaiotako pertsonei zuzendua. Gehienez 300 lagunek parte hartu ahal izango dabe eta atletismo-zaleek nazioarteko kirol-hitzordu honen parte izateko aukera eukiko dabe.

Aurten, barritasun lez, bertako produktuez osatutako saski bat zozketatuko da proba bakoitzeko parte-hartzaileen artean. Ekimen honen bidez, tokiko produktuei ikusgarritasuna emon nahi jake.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00