Arrantza eta Akuikulturako Zuzendaritzak 29 milioi euroko aurrekontua eukiko dau

Sail osoan gehien haziko dan departamentua da, 2026an jasotakoa baino % 22 gehiago
4,5 milioi euro erabiliko ditue Ondarroako eta Bermeoko izotz-fabrikak hobetzeko / Bizkaia Irratia

Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako Zuzendaritzak 29 milioi euroko aurrekontua eukiko dau 2027an. Helburu nagusia da arrantza-flotea eta arrantza-industria modernizatzea, sektoreari punta-puntako zerbitzuak eskeintzea, ezagutza sustatzea eta belaunaldi-erreleboari laguntzea, itsasora sartzen diran gazteei zuzendutako Itsasoratu programaren bidez.

Aurrekontu proiektuak 10,41 milioi euro gordetzen ditu arrantza, merkataritza eta eraldaketa egituren lehiakortasuna hobetzeko. Inbertsino nagusien artean, 4,5 milioi euro nabarmentzen dira Ondarroako eta Bermeoko izotz-fabrikak hobetzeko. Azpiegitura horreek funtsezkoak dira euskal arrantza-ontzidiak kalitate eta eraginkortasun handiagoz jardun daian.

Horregaz batera, 3,02 milioi euro bideratuko dira Arrantzako Datuak Biltzeko Erkidegoko Programara. Informazino zientifiko zorrotza izatea funtsezkoa da itsas baliabideak kudeatzeko, euskal arrantza-ontzidiaren interesak defendatzeko eta Europako arrantzea babesteko.

Ekonomia urdinaren aldeko apustua berretsiko da, arrantza-eremuak dibertsifikatzeko 2,10 milioi euroko partida baten bidez. Portu, Itsas Gai eta Itsasertzeko Zuzendaritzaren aurrekontu-partida da sail osoan gehien haziko dena: 32,22 milioi euro, 2026an aurrekontuan jasotakoa baino % 22 gehiago.

Portuetako inbertsinoak ia % 50 handituko dira, 15,44 milioi eurora iritsi arte. Kopuru horri arrantza-eremuetako portu-inbertsioetarako beste 4,25 milioi euro gehitu behar jakoz; guztira, 19 milioi eurotik gorako inbertsinoa egingo da. Helburua da portu seguruagoak eta klima-aldaketara hobeto egokituak izatea.

Inbertsino horreek legegintzaldia hasi zanetik eratutako 17 Udal Portu Kontseiluetan identifikatu eta adostutako beharrei erantzuten deutsie. Proiektu nabarmenena Mutrikuko babes-dikea sendotzea da. Elantxobeko kaia barriztu eta handitzeko lanekaz batera, 9,52 milioi euroko inbertsinoa egingo da 2027an. Obra horrek itsas segurtasuna hobetuko dau eta portua herritarren erabilerarako zabalduko dau.

Horretaz ganera, 3,36 milioi euro bideratuko dira Ondarroako kaiko zimenduak sendotzeko eta zoladura barritzeko lanak amaitzeko, bai eta Donostiako erdiko kaia konpontzeko be; 2,10 milioi euro Zumaia eta Debako itsasadarrak dragatzeko; eta 1,51 milioi euro Artza ingurua berrantolatzeko eta Bermeoko EKPren bulegoa barritzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00