Espanyolek San Mames isilarazo dau (0-1)

Robertoren golak garaipena emon deutso talde katalanari Athletic barkatzaile baten kontra
Oso aurkari sendoa izan da Espanyol / Athletic Club

Beste kolpe bat jaso dau Athleticek etxean. Sevilla, Elche eta Alavesen aurka puntuak galdu eta gero San Mamesen, beste hiru itxi ditu talde bilbotarrak Eder Sarabiaren Espanyolen kontra 0-1 galduta. Oso partidu burrukatua izan da gaurkoa, parekoa. Athleticek ez dau asmatu eukindako aukera argietan; Espanyolek, ordea, bai. Beraz, hortxe egon da talde bien arteko aldea. Robertoren golak garaipena emon deutso kanpoko taldeari.

Beñat Pradosen presentzia izan da ezustekorik handiena lehoien hasierako hamaikakoan. Erdilari nafarrak hasieratik ekin deutso partidu bati 15 hilabete beranduago. Partiduak erritmo bajua euki dau hasieratik eta inork ez dau hartu jokoaren pisua. Horren harira, gol aukera argi gitxi egon dira lehen zatian. Halanda be, Athleticek 33. minutuan sortutakoa nabarmentzekoa da. Iñaki Williamsek bere anaiaren erdiraketa jaso dau, baina ez dau asmatu ate osoa errematatzeko eukanean; Fortuñok baloia kornerrera bialdu dau. Espanyolen erantzuna jarraian heldu da, baina oraingo honetan be atezaina nagusitu da eta Simonek Santiagoren errematea gelditu dau. Beraz, husna heldu da norgehiagoka atsedenaldira.

Partidua hasieratik jokatu daben 22 jokalariek ekin deutsie bigarren zatiari. Ondorioz, partiduaren gidoia ez da larregi aldatu bigarren 45 minutuetan. Egozan sentsazinoei erreparatuta, bazirudien partidua bapezna amaituko zala, jokaldi isolatu batek erabagi ezean. 66. minutuan heldu da aitatutako jokaldi isolatua eta Espanyolen alde jausi da. Robertok Dolanen pase sakona jaso eta baloia sareetara bialdu dau egindako erremate gurutzatu oso on bati esker. Athleticek jasotako kolpe gogorra igarri dau eta lehoiak ez dira egoerari bueltea emoteko kapazak izan. Beraz, hiru puntuek hegaz egin dabe Bartzelonara.

Gristasuna

LaLigaren lehen herena betetzear dala, zuri-gorriek ez dabe mahai gainean kolpe nabarmenik emoteko gaitasunik erakutsi Europako burrukan. Izan be, talde bizkaitarrak lau partidu irabazi, beste lau bardindu eta beste lau galdu ditu, 15 gol sartuta eta 12 jasota. Tartean, Rayoren kontrako partidua bertan behera gelditu zan. Hurrengo partiduari jagokonez, Athleticek Malagan jokatuko dau datorren jardunaldian. 14. jardunaldiko norgehiagoka zemendiaren 28an izango da, zapatuz, arratsaldeko 16:15ean azken sailkatuaren zelaian. Bitartean, zuri-gorriek Errege Kopako bigarren kanporaketan eukiko daben aurkaria asteleheneko zozketan ezagutuko dabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00