Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak Gazako umeen errealidadea kalera eroan dau gaur Bilbon, Haurren Munduko Egunean. Bilboko Arenalean egindako ekintza artistiko baten bidez, Gazako haurrek egindako marrazkiak erakutsi dabez, azken hiru urteotako erasoek euren osasun mentalean izandako eragina salatzeko. Rahaf 11 urtekoaren eta Motassem 14 urtekoaren marrazkiak 50 metro koadroko oihal erraldoi bitan erreproduzidu dabez, Toni Ortiz artista katalanarraren laguntzari esker.
Marrazkietan, umeek euren eguneroko bizitza erakutsi dabe: bonbardaketak, tankeak, kanpindendak, janaria jasoteko ilarak eta galdu dauzan lagunak eta senideak. Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen arabera, Gazako biztanleen % 90 lekuz aldatu behar izan da, eta milioi bat lagunetik gora osasun mentaleko laguntza behar dabe. Antsiedadea, lo egiteko arazoak, bildurra eta dolua gero eta ohikoagoak dira ume zein helduen artean.
Erakundeak ohartarazi dau gerraren ondorio psikologikoak ez dirala trauma soiletara mugatzen, eta belaunaldi oso baten garapenean eragina izango dabela. Horregaitik, osasun mentaleko eta laguntza psikosozialeko arreta eskaintzen dabe Gazan. 2023ko amaieratik 2026ko irailera bitartean, 132.000 kontsulta indibidual baino gehiago egin dabez, eta 246.000 pertsona ingururi eskaini deutsie laguntza taldeko jardueren bidez.