Gaur abiatu da EuskarAbenturaren zortzigarren espedizinoa. Guztira 130 gaztek egingo dabe hilebetez Euskal Herria oinez zeharkatzeko bidea, Atharratzetik urten eta Getxoraino heldu arte. 500 kilometro inguru egingo dabez, 32 herri bisitatuz. Aurten Ondarroara eta Sakanara iritsiko da lehenengoz EuskarAbentura. Egunero 17 eta 20 kilometro arteko etapak egingo dabez, baina ibilaldiaz harago, barne-dinamikak, talde-lana eta hainbat arlotako erreferenteakaz topaketak be izango dabez parte-hartzaileek. Euskerea, natura, kultura eta gazteen arteko hartu-emonak izango dira egitasmoaren ardatz nagusiak.
Haizea Solagurenbeaskoa EuskarAbenturako komunikazino taldeko kideak Lau Haizetara saioan nabarmendu dauanez, 15 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako egitasmo honetan parte hartzeko, beka bat lortu behar da aurrez. Aurtengo edizinoan 264 lan aurkeztu dira. EuskarAbenturearen helburu nagusia gazteen arteko euskerazko harreman sareak sendotzea da. Horregaz batera, Euskal Herriko txoko desbardinak ezagutzeko aukerea izango dabe, eta lurralde guztietako gazteak batuko dituan esperientzia partekatua biziko dabe. Aurtengoa egitasmoaren zortzigarren edizinoa izango da.
