Hogei urte bete dira Bilboko Berreginen Museoa San Frantzisko auzoko Mariaren Bihotza eleizan ezarri zanetik. Zemendiaren 21ean bete zan urteurrena. Hiru egoitza izan dauz Bilboko Berreginen Museoak. Berastegiko Eskolan egon zan lehenengo, San Frantzisko eskolan ostean eta 2006. urtetik dago Mariaren Bihotza elizan. Eraikinak berrerabili dira hasieratik museo bihurtuz. Itziar Martija, museoko teknikaria eta bildumen arduradunak esan deuskunez, eraikin berezia da azken hau. Jose Maria Basterra arkitektoak diseinutakoa da Mariaren Bihotza Eliza. Bere arkitektura neogotikoa azpimarratu behar da eta besteak beste beirateen argia. Honeetatik ikusgai dagozan erakusketetara sartzen dan argiak, askoz bereziagoa egiten dau lekua. Bilboko Udalak, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoak birgaitzeko planaren barruan sartu eban eleiza museo bihurtzea. Auzoan, museoak eragin garrantzitsua daukala esan deusku Itziar Martijak. Auzoko jaietan, BLV-Art jaialdian eta bestelakoetan hartzen dau parte museoak.
Urteurrena
Hogeigarren urteurrena beteta, museoaren eraikinaren historia ezagutarazi gura dabe. Argitalpen txiki eta berezia kaleratu dabe. Bizitza paraleloak, elizatik museora dauka izena eta museoan bertan eskuratu daiteke. Horrez gain, zemendiaren 21ean, kandela-tailerra antolatu eben. Berreginen museoan bere bildumaz gain, erakusketa bi dagoz ikusgai; Bizitza paraleloa. La Memoria da las copias batetik, domekara bitartean eta bestetik Idatziz. Teknologia&Materia, lehen buztinezko piezetatik hasi eta alfabetora iritsi artekoak batzen dauazana. Urtea amaitu bitartean programazino zabala daukie oraindino. Tartean, Gabonetako tailerrak. 2027. urtean, barriz, ehun urte beteko dauz Berreginen Museoak.
