Gaur hasi eta domekara bitarteko jaialdian Buenos Aires da protagonistea

Paper arte eta grabatuaren nazinoarteko jaialdia da honakoa

50 galeria eta 500 artista baino gehiago gaurtik Fig Bilbao jaialdian

Fig Bilbao jaialdiaren eszenatokia / Fig Bilbao

Fig Bilbao jaialdia hasi da gaur, paper arte eta grabatuaren nazinoarteko jaialdia. Hamaikagarren edizinoa da aurtengoa. 50 galeria inguru eta bostehun artista baino gehiagoren lanak ikusi ahal izango dira gaurtik domekara bitartean. Bilboko Arte Ederren museoa da jaialdiaren egoitza nagusia. Esan behar, grabatuaren jaialdi modura hasi zala Fig Bilbao. Azken urteetan paper arteak be garrantzi handia hartu dau. Holan azaldu deusku Zaloa Ipiña artisteak eta Fig Bilbao jaialdiko gidariak galerietan zehar.

Buenos Aires uri gonbidatua

Hamaikagarren edizino honetan, Buenos Aires da gonbidatutako uria. Nodo940 & The Dream Machine, Leticia Barbeito, Andres Agustina Girardi, Solange Baqués eta Lautaro Parada dira bertatik etorriko diren galeria eta artistetariko batzuk.

Euskal Herriko galeria eta artista ugari be badagoz Fig Bilbaon; Base, Juan Manuel Lumbreras, Marzana edo Aldama Fabre galeriak, Ignacio Goitia eta Miriam Ocarizen estudioak…

Jose Saramago gogoratuko da

Mahai-inguruak, masterclass-ak edo berbaldiak be izango dira Fig Bilbaon jaialdian. Arte Ederren museoan, Francisco Iturrino eta Mari Puri Herreroren lanen erakusketea dago ikusgai. Bien arteko alkarrizketea antolatu da. Museoaren 15. aretoan dagoz ikusgai artista bien lanak. Jose Saramagoren ehungarren urteurrena dala eta “Mulheres Saramagianas” erakusketea be ikus daiteke. Portugaleko emakumezko artisten serigrafi eta grabatuek osotzen dabe honakoa. Berbaldien artean bestalde, Mery Cuesta kritikari eta komisariarena azpimarratu behar. Arte eta Emakumea izeneko mahai inguruan egingo dau honek berba. Esan daigun, Fig Bilbao jaialdian plataforma digitala mantentzen dauala eta bertatik, zuzenean jarraitu daitekezala berbaldi eta mahai-inguru desbardinak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular