Egun osoko ekimena izango da, 10:00etatik 20:00etara

Bideojokoen IX. Euskal Jardunaldia zemendiaren 7an egingo da Bilboko La Perrera gunean

Euskarazko bideojokoen beharra aldarrikatuko dau Jokotekniak

Aitziber Atorrasagasti, Iurdana Acasuso, Lander Unzueta eta Isaac Amezaga / Game Erauntsia alkartea

Game Erauntsia alkartearen urteko hitzordu nagusia heltzear dago. Azkue Fundazioaren babesagaz, Jokoteknia Bideojokoen IX. Euskal Jardunaldia zemendiaren 7an egingo dabe, Bilboko La Perrera espazioan. Egun osoko ekimena izango da, 10:00etatik 20:00etara. 2026ko edizinoa orain arteko handiena izango da. Ohiko hitzaldi eta mahai inguruez gain, Euskal Bideojokoen I. Azoka antolatuko da. Jokotekniak Euskal Herriko estudioak eta sortzaileak alkartuko dauz, euren jokoak ezagutzera emoteko asmoz.

Game Erauntsia alkartearen sorrerea bideojokoen munduan euskerazko edukien eta topaguneen falta egoala ikusita etorri zan. Lander Unzueta alkarteko kideak azaldu dauanez, lagun talde batek hutsune hori betetako eta euskal jokalariak alkarren artean ezagutzeko gunea sortzea erabagi eban. Hasierako asmo horretatik abiatuta, alkartea eta bere jarduna handitzen joan dira. Gaur egun, bideojokoen inguruko gaurkotasuna lantzen dabe, edukiak sortzen dabez eta euskerazko jokoak sustatzen dabez. Unzuetak nabarmendu dau komunidadea sortzea dala Game Erauntsiaren lanaren oinarrietako bat.

Josu Igoa informatikaria eta bideojokozalea da. Hainbat joko euskaratu dauz bere ekimenez. IX. Jokoteknia jardunaldian hartuko dau parte, Euskarazko jokoen beharra, zaleen ikuspegitik izeneko hitzaldia eskainiz. Bideojokoak, telebista eta musikea lako beste kultur kontsumo bat dira, baina eskaintza gehiena gazteleraz heltzen da jokalariengana. Honen aurrean, euskaraz jokatzeko aukera izatearen garrantzia azpimarratu dau. Izan be, hizkuntzearen erabilerea eguneroko aisialdira be eroatea garrantzitsua da, eta jokalari guztiek euskerazko edukiak badagozala ikustea beharrezkoa da.

Zemendiaren 7ko Jokoteknia jardunaldian, bideojokoen sektoreko profesionalen berbaldiek eta esperientziek lekua izango dabe. Lau hitzaldi eta mahai inguru bat antolatu dabez, euskal bideojokogintzaren esparru anitzak aztertzeko asmoz. Euskal Bideojokoen I. Azoka be egingo da. Hortaz ganera, eta Lander Unzuetak azaldu dauanez, zapatuko jardunaldia ez da bideojokoetara mugatuko, Euskal Manganime komunidadea zein Rolariak alkartea be bertan izango dira, besteak beste, euskarazko mangak, animeak, mahai-jokoak zein rol-partidak aurkezteko. Sarrerea doakoa izango da, publiko guztiari irekita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00