Euzko Alderdi Jeltzaleak Oscar Puente ministroaren dimisinoa eskatu dau

Soziometroaren arabera, Kongresuan jarleku bat galduko leuke EAJk, laugaz geratu eta talde propioa galdu

Idoia Sagastizabal: “Geu ez gara bloke baten parte, erdigunean gagoz”

Idoia Sagastizabal, Kongresurako Euzko Alderdi Jeltzalearen Bizkaiko hautagaia / Bizkaia Irratia

Aktualidade eta politika gaiak aztertu doguz gaur. Dagoeneko zemendian sartu gara bete-betean eta hilabete garrantzitsua izango da. Datorren asterako huelga orokorra dago deituta, eguaztenerako, azaroaren 11rako. Ganera, hile amaieran, zemendiaren 29an, hauteskunde orokorrak izango dira. Alderdiak aurrekanpainan sartuta dagoz eta gaur geugaz Idoia Sagastizabal, Kongresurako Euzko Alderdi Jeltzalearen Bizkaiko hautagaia euki dogu.

Hasteko, Kongresuko gaurko jarduera batetik ekin deutsagu alkarrizketari. Oscar Puente garraio ministroak Urdako tren istripuaren gaineko azalpenak emongo ditu. EAJk Oscar Puente ministroaren dimisinoa eskatu dau: “10 hilabetetan istripu larri bi euki doguz. Gertaera hau onartezina da eta erantzukizun politikoak eta teknikoak eskatzen doguz“. Ganera, Sagastizabalek uste dau tren istripu honek eragina eukiko dauala hauteskundeen emaitzetan.

Hain zuzen be, Soziometroaren arabera, Kongresuan jarleku bat galduko leuke EAJk, laugaz geratu eta talde propioa galdu: “Inkestak inkestak dira. Talde propioa eukiteko beharra egingo dogu, baikorrak gara eta irabaztera goaz. Hiru bloke dagoz: eskuina-ultraeskuina, PSOE eta PSOEren ezkerraldean dagozan alderdiak, EH Bildu tartean. Geu ez gara bloke baten parte, erdigunean gagoz“. Etxebizitzaren gaiak berebiziko garrantzia hartu dau eta hauteskundeak deitu izatean be euki dau eragina. Arlo honetan EAJren proposamena zein izango dan argitu deusku Sagastizabalek: “Persona zaurgarriak, langileak eta jaube txikiak babesten doguz. Eskariari zein eskaintzari begira hartu behar dira neurriak”. Bitartean, datorren asterako huelga orokorra dago deituta: “Greba egitea zilegi da, baina gauzak nahastu dira. Grebak ez dau etxebizitza gehiagorik lortuko”.

Amaitzeko, EAJk salatu dau EH Bilduk Tolosako eta Andoaingo udaltzainak Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelera bialduten dituala praktikak egitera, Arkautiko euskal akademiara eroan beharrean: “Geure autogobernuaren kontra doa, hemen Ertzaintza daukagu. Kontraesan bat dago esaten dabenaren eta egiten dabenaren artean. Esaldi batean laburbilduta: zelan aldatzen diran gauzak, kamarada”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00