Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak ezagutzera emon ditu “Bilboko 2022ko Ohoredun edo Ospetsu” barrien izenak: Daniel Innenarity filosofoa, Iraia Iturregi entrenatzaile eta futbolari-ohia, Adolfo Arejita hizkuntzalari eta euskaltzaina eta Susana Rodriguez Vicente Ekonomia eta Enpresa Zientzietako katedraduna. Gainera, aurten, udalak Hiriaren Enbaxadore izendatu dau Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS), joan dan martxoan lehen mendeurrena ospatu ebana.
Adolfo Arejita “Euskararen alde eta euskararen defentsan egindako ibilbide eta lan akademiko, literario eta dibulgatzaileagatik” izendatu dabe.
Bilbon jaioa, Adolfo Arejita Filosofia eta Letretan lizentziatu zan, eta doktoretza lortu eban 1995ean. Hizkuntzalaria da, baita euskaltzain osoa bere 2004az geroztik da. 1977an Labayru Ikastegiko Euskal Hizkuntza Arloko zuzendari izendatu eben, eta hiru urte geroago Deustuko Unibertsitateko irakasle modura lan egiten hasi zan. Era berean, irakasle ibili da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean (IVAP) eta Hizkuntza Eskola Ofizialean.
Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zan 1984tik 1989ra bitartean, eta Herri Irratian, TVEko Bilboko ordezkaritzan eta Bizkaia Irratian EUSKERA HOBETZEN tartean kolaboratzen dau 2016an hasita. Guztira ia 300 saio egin dauz.
Euskal testu zaharren azterketan aditua, Pedro Antonio Añibarro, Juan Mateo Zabala, Juan Antonio Mogel eta beste hainbat egileren testuak aztertu eta argitaratu ditu. Euskal gramatikari buruzko lanak bere argitaratu ditu, holan, “Bizkaieraren idatzizko arauak: deklinabidea eta aditza”, “Euskal Joskera”, “Mendebaldeko berbetearen formalizazinoa”, “Euskararen Herri Hizkeren Atlasa” eta “Bizkai euskeraren jarraibide liburua. Lehenengo pausuak”. Bere ibilbide luzea kontau deusku gaur Bizkaia Irratian.