2012tik erretiro aurreratuagaitiko kalte-ordainak kobrau barik dagoz

Irakaskuntza Publikoko 4.400 irakasle prejubiladuk 220 milioi euro eskatzen deutsez Eusko Jaurlaritzari

Adostuz alkartea: “Legebiltzarrak dauka giltza, gaur bertan konpondu leike auzia”

Adostuz alkarteko 4.400 irakasle prejubiladuk urteak daroez erretiro aurreratuagaitiko kalte-ordainak eskatzen. Abenduaren 5ean Gasteizko Eusko Legebiltzarraren aurrean konzentrazinoa egin eben, euren aldarria barriro be plazaratzeko eta Eusko Jaurlaritzari urtenbide bat eskatzeko. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 400 bazkidek baino gehiagok parte hartu eben mobilizazinoan.

Adostuz alkarteko Salva Aledok argi eta garbi azaldu dau Lau Haizetara irratsaioan zein dan irakasle prejubiladuek eskatzen daben eskubidea: 2010eko lan-akordio arautzailean jasotako erretiro aurreratuagaitik kalte-ordainak barriro jasotzea. Aledoren esanetan, eskubidea etenda dago, ez ezabatuta, eta Legebiltzarrak berak altxau leike gaur egun be mantentzen dan etenaldia. Aledok gogoratu deusku 2010eko akordioak onurak ekarri eutsazala Jaurlaritzari eta irakasleei, plantilla gaztetzeko eta gastua murrizteko helburuagaz. Trukean, borondatez erretiroa hartzen eben irakasleek konpentsazino ekonomikoa jasotzen eben. 2012tik aurrera, baina, ordainketa hori etenda geratu zan eta ordutik mikala irakasleek ez dabe jaso jagoken dirua.

220 milioi euroko zorra

Adostuz alkarteak uste dau gaur egun Eusko Jaurlaritzak 220 milioi euro zor deutsazala kolektiboari. Auzia, une honetan, Auzitegi Gorenean dago. Jaurlaritzak argudiatzen dau ezin dauala ezer egin Auzitegi Gorenaren erabagia iritsi arte. Adostuzetik dinoe, baina, Legebiltzarrak berak altxau leikela etenaldia, eta eskubidea automatikoki barriro aktibauko litzatekela. Aledok azpimarratu dau eurek diskriminazino garbia bizi dabela, izan be, antzeko egoeran egon diran beste kolektibo batzuei etenaldia kendu eta eskubidea aitortu jakelako. Adostuz alkarteak mobilizazinoei eutsiko deutsiela iragarri dau, eta era berean, bide judizialean, auzia Konstituzionalera edota Europara eroateko prest dagozala berretsi dau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00