Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 25 urte bete ditu dagoeneko. 2001ean eratu ebenetik gaur egunera arte aurrerapauso mantsoak emon dirala esan deusku Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak: “Hizkuntza eskubideak autortu barik daukaguz ia geure lurralde osoan. Euskereak berme barik jarraitzen dau”. Egia esan gauzak egin egiten dira, baina ez dabe nahi besteko fruiturik emoten. Beste estrategia batzuk bilatu behar dira: “Gakoa geure egunerokotasunean eta espazio klabeetan euskerea erabilteko bermeak eukitea da”. Gaubekaren ustez, beste lege batzuk beharrezkoak dira: “Ofizialtasuna ezinbestekoa da Euskal Herri osoan. Horren alde egiten dauan araugintza sendoa be behar dogu, baina bestelako hizkuntza politikak be bai. Gaztelera derrigorrezkoa bada, zergaitik euskerea ez?”.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak kexa ezbardinak jasoten ditu urtean zehar. Jasoten dituan kexa gehienak euskera ofiziala dan eremuetatik etorritakoak dirala azaldu deusku Gaubekak: “Esaterako, Eusko Jaurlaritzatik esaten deustie euskerea ofiziala dala, baina Osakidetzara noa eta ez dago mediku euskaldunik”. Batzuetan, nahiz eta geure hizkuntza eskubideak urratu dirala pentsau, ez dogu emoten salatzeko edo kexa aurkezteko pausoa, alperrekoa izango dalakoan, baina garrantzitsua da egitea.
Amaitzeko, mende laurden honetan egindako lana laburbiltzen dauan erakusketa ibiltaria be zabaldu dabe: “25 urte honeetan Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren atzean egondako pertsonen beharra autortu gura dau erakusketak. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak berak egiten dauan lana be ezagutarazo gura dogu”. Iruñean egon ostean, Gipuzkoara egingo dau salto orain erakusketak. Kontuak kontu, oindino ez dago argi Bizkaira noiz helduko dan.
