Leixuri Arrizabalaga, Garazi Arrizabalaga eta Jose Pablo Arriaga izan doguz berbetan

Ibarrolak izten dauan ondarea azpimarratu dabe askok eta askok

Omako Basoa / Bizkaia Irratia

Agustin Ibarrolaren heriotza dogu gaur albiste. 93 urteko artista bizkaitarra goizaldean hil da Usansoloko ospitalean. Kortezubiko Oma auzoan bizi zan eta hango basoa margoztu be egin eban, Basauriko artistaren obrarik ezagunenetarikoa bihurtuz. Gogoratu behar dogu ganera, oraintsu, barriro zabaldu dala beste eremu batean, jatorrizkoan, pinuek izandako gaixoagatik desegin egin behar izan zalako.

Gaztetan hasi zan

Agustin Ibarrolak, hamazazpi urte eukazala zabaldu eban bere lehenengo erakusketea. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko udalaren bekea lortu eban Madrilera ikasten joan ahal izateko. Bilbora bueltatu zanean Jorge Oteiza ezagutu eban. Arantzazuko basilika barria izan zan arte proiektu nagusia Euskal Herrian. Parisera joan zan Ibarrola 1955. urtean. Abangoardiako artearen barri jaso eban bertan, Equipo 57 taldea ezagutuz. Grabatugintzan hasi zan ostean. 1960. urtean Euskal Herrian egoala, langileak eta lantegiak gai modura hartuta Euskal Herriko beharginen eguneroko bizimoduaren ganeko grabatu eta koadroak sortu ebazan. Errealismo sozialistearen artista modura egin zan ezagun.

Hainbat aldiz kartzelan

Kartzelaratu egin eben handik urte bira, bere ideia komunistengatik. Madrilen epaiketa militarra egin eutsen eta bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri alderdi komunistako kide izateagatik. Espetxean egoala, lanean jarraitu eban eta bere obraren erakusketak, Madrilen, Santanderren, Oviedon eta Londresen eskaini ziren. Espetxetik urten ostean, Euskal Herrian erakusketak eskaini ebazan. Ibarrola eta Gabriel Arestiren arteko harremana hasi zan orduan. Ibarrolak, Arestiren liburuetako irudiak egin ebazan. Beste lau aldiz be kartzeleratu eben. 1973. urtean atxilotu eben azkenengoz, EHUan berbaldi bat emoten egoala eta eskuma muturrekoek Gametxoko bere baserria erre eben.

Artea eta politikea

Artea eta politikea batera joiazan Ibarrolaren bizitzan. Frankismoa amaituta, ETAren eta abertzaletasunaren kontra bideratu eban militantzia. Ermuko Foroaren sustatzailea izan zan eta Basta Ya! plataformako kidea. ETAren biktimei eskeinitako hainbat artelan sortu ebazan. ETAren jomugan egon zan ondorioz eta Euskal Herritik kanpora bizitzera bultzatu eban horrek. Bere artelanen kontra eraso bat baino gehiago izan zan Euskal Herrian. Ez dago zalantzarik esatean euskal artearen historian izen handia dala Ibarrolarena. Jorge Oteiza, Jose Antonio Sistiaga, Eduardo Chillida, Nestor Basterretxea eta Remigio Mendiburu moduko artistek bultzatutako Euskal Arte Eskolen proiektuaren atzean egon zan bera be.

Azken urteetan hainbat omenaldi jaso dauz. Gure Artea saria emon eutsen 2011. urtean. 2017.ean omenaldia egin eutsen Gabriel Arestigaz batera egindako lana gogoan hartuz. 2018an Zentsura At! jaialdiak bere omenezko erakusketea antolatu eban.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Radio Popular