Zornotzako atzelari gazteak eskuz binakako txapelketa nagusiko partidua jokatuko dau barikuan herriko frontoian

Jon Mariezkurrenaren lekua hartuko dau Peña IIaren atzelari lez, Elordi eta Zabaletaren aurka jokatzeko

Aimar Morgaetxebarriaren aukerea

Aimar Morgaetxebarria, profesional mailan jokatu eban lehen partiduaren atarian Zornotzan / Baiko Pilota

Zazpi hilabete baino ez dira igaro Aimar Morgaetxebarria Azkuna pelotariak profesional mailan lehenengo partidua jokatu ebanetik. Urrutikoetxearekin batera, galdu egin eban Jaka-Elizegiren aurka Zornotzako pelotalekuan jokatutako partiduan. Bariku honetan, atzelari bizkaitarrak bere kirol ibilbide laburreko partidu garrantzitsuena eta gogorrena jokatuko dau. Jon Mariezkurrenaren lekua hartuko dau, atzelari nafarrak eskoiko eskua minduta daukalako. Jon Ander Peñagaz batera, Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaletak osatutako bikote indartsuaren aurka jokatuko dau.

Aimar Morgaetxeabarria promozino mailako txapelketea jokatzen ibili da orain arte, Joanes Bakaikoarekin batera. Sei jardunalditan bost garaipen eskuratuta, sailkapeneko goialdean jarri dira, Salaberria eta Oier Etxebarriagaz batera.

Zornotzako pilotari gazteak badaki lan gogorra eukiko dauela barikuko partiduan. Izan be, Elordik eta Zabaletak irabazi egin ditue orain arte jokatu dabezan sei partiduak. Azken jardunaldian, baina, sufridu egin eben Jaka eta Arangureneri irabazteko. Gatxa izan arren, Peña eta Morgaetxebarria ezustekoa emoten ahaleginduko dira barikuan Zornotzan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00