Ainhoa Furundarena kazetaria Muxikan bizi da igaroko 13 urtean, muxikartua dagoala onartu deusku

Albistegietan oso gustora dabil, baina kiroletan hasi zan eta frontoietan hasi eban Muxikarako bidea

Ainhoa Furundarena: “Oso gustora bizi naz Muxikan”

Ainhoa Furundarena kazetaria / Bizkaia Irratia

Ainhoa Furundarena kazetariagaz amaitu dogu Muxikako Herriz Herri saioa. Donostiarra da sortzez, baina 13 urte daroa Muxikan. Donostiar muxikartua dala esan deusku. Oso gustora bizi da Kurtzero auzoan. Eskolea, frontoia, tabernak… asko gehiagorik behar ez dauela dino. Nasaitasuna eta lagunak be bai, jakina.

Furundarenak ETB-ko albistegietan egiten dau lan. Oso gustoko dau bere beharra. Barriren bat inguruan sumetan dauenean, jakin-mina sortzen ei jako. Gaur Egun eta Teleberri albistegietan, barri txar asko emotea egokitu jako. Gogorrena Iñigo Cabacas Athleticeko zalearena izan zala onartu dau.

Hasi, kiroletan hasi zan Furundarena. Euskadi Irratirako lanean ebilela ezagutu eban Alexis Apraiz pelotaria. Frontoietan hasi zan, ba, Donostiatik Muxikarako bidea. Bilbok be zerikusia euki eban erabagi horretan, ze Bizkaiko uriburuan egiten dau behar.

Beteteko geratzen jakozan ametsen artean itaunduta, nazinoarteko barri-emoile izatea aitatu deusku Furundarenak. Paris edo New York aukeratuko leukez. Horretarako, baina, seme-alabek adin egokia euki arte itxaroteko prest dago. Bien bitartean, Athletic-Real derbiak be familian bizi ditue. Ainhoak, txuri-urdin jantzita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00