Gorbeiako Parke Naturala 1994an izentau zan eta Euskadin babestuta dagoan naturgunerik handiena da. Bizkaia eta Araba artean kokatzen da eta 20 mila hektarea baino gehiago daukaz. Itxinako hormea, Axularren begia, Mairulegorretako kobazuloa, Arrabako zelaiak, Pagomakurre, Lekanda, Aldamin… mitoen eta kondairen jatorri dira. Gorbeiako Parke Naturalak daukan parketxea Areatzako alde zaharrean dago eta handik urtero milaka eta milaka bisitari pasetan dira. “Gaur Lezamako eskolako umeak etorriko dira eta parketxeko bisitearen ostean Saldropoko hezegunera joango gara” esan deusku Aitor Abiak Gorbeiako Parke Naturaleko ingurumen hezitzaileak.
Udagoien honetan parke naturaleko basoetatik orkatzak, oreinak, azeriak, hontzak… dabilz. “Urmaeletan arrabioa be bizi da, oso kolore deigarriak daukaz, horia eta baltza. Otsoa be ibili badabil Gorbeiako Parke Naturalean” esan deusku Aitor Abiak.
Gorbeiako Parke Naturalak urtean hainbat bisitari eukiten dauz eta horreetako batzuk selfie-a ataratea baino ez dabe helburu. Azken joera hau batez be Otzarretako pagadian igerri dabe. “Argazkia baten batzuk garaikur moduan erabilten dabe ta guk argazkia baino esperientzia bizi behar dala uste dogu. Otzarreta bertoko pagadi bat da eta holakoak gero eta gitxiago dekoguz. Uste dogu bertoko ekosistema guztiak zaindu behar doguzala” esan dau Abiak.