
Caritasek, lan merkatuan sartzeko zailtasunak dabezan pertsonakaz lan egiten dau. “Gure zerbitzuetara heltzen diren gehienak, Caritaseko beste proiektu batzuetan parte hartzen daben pertsonak dira, zailtasun ekonomiko larriak dabezanak edo egoera gatxean dagozanak” azaldu dau Alicia Susok, Caritaseko enplegu arduradunak, gaur Goizeko Izarretan saioan. “Horreek gehienetan harrera zerbitzuetara joten dabe, diru-laguntzak eskatzeko edo prestakuntza bat jasoteko eta hortik gure lankideek enplegu arlora bideratzen dabez” zehaztu dau.
Enplegu arloan, lan-merkaduaren egoerea aldatu dala nabarmendu dau Susok. “Langabezia-tasea jaitsi da gure inguruan, baina badira kolektibo batzuk, batez be egoera administratibo irregularrean dagozan pertsonak, lan merkadura sartzeko arazo larriak dabezanak” adierazo dau. Hala ere, lan-merkaduan beste arazo larri bat antzeman dabe Caritaseko arduradunek, baldintza prekarioak. “Gaur egun badira pertsona batzuk lanean ari diran arren, pobreak diranak. Ez dira gai etxebizitza bat ordaintzeko, lan baldintza eskasak dabezalako,” azaldu dau. “Caritasek kalean bizi diran beharginak be identifikau dauz eta hori arazo larri bihurtzen dabil” gaineratu dau Alicia Susok.
Caritasek lan mundura bideratzeko tresna eraginkorrak sortu dauz, horreen artean Lapiko Catering eta Gizartelur laneratze enpresak dagoz. “Enpresa horreek aukerea emoten deutsie pertsona askori lan-mundura gerturatzeko, lehen esperientzia bat eukiteko eta enpleguari lotutako oinarrizko gaitasunak lantzeko” azaldu dau Susok.
Lan-merkaduan inklusinoa errazteko, prestakuntza eta lanbide heziketarako aukera gehiago behar dirala nabarmendu dau Susok. “Ez da nahikoa lanbide heziketa zentro jakin batzuetan soilik pertsona honeei ateak zabaltea, lanbide heziketa sistema osoak integratzaileagoa izan behar dau” azpimarratu dau. “Horretarako araudiak egokitu behar dira eta inklusiorako sinergiak sortu behar dozguz” zehaztu dau Caritaseko enplegurako arduradunak.