1936ko gerraren ondorioak eta urteetan iraun dauen isiltasuna aztertu dau Amagoia Gurrutxaga kazetari eta idazleak Eskelak, eskolak, oskolak berbaldian. EAko Hea Kultura Elkarteak antolatuta, joan dan hilean eskaini eban hitzaldia.
Gurrutxagak dauela 25 urte inguru hasi eban gaiaren inguruko ikerketea Zarautzen, lekukoen testigantzak jasoz eta artxiboetako informazinoa batuz. Lan horren bidez, fronterik egon ez arren, kolpisten sarreraren ostean herrian izandako igesaldiak, exekuzinoak, desagertzeak, espetxeratzeak eta erbesteratzeak azaleratu ebazan.
Eskelak, eskolak, oskolak izenburuak gerraosteko egoerea laburbiltzen dau. Gurrutxagak azaldu dauenez, alde batek bere hildakoak omendu eta bere kontakizuna zabaltzeko aukerea izan eban; galtzaileek, barriz, euren mina isilean eroan behar izan eben.
Kazetariak testigantzak jasotzearen garrantzia be nabarmendu dau. Izan be, lekuko zuzenak desagertzen doazen heinean, jazotakoa ezagutzeko aukera be murrizten doa. Gurrutxagaren ustez, oraindino badago lana egiteko, 1936ko gerraren inguruko memoria belaunaldi barriei transmititzeko.
