Dei horregaz bat egin dau Gernika-Lumoko Odolkideak alkarteak be

Osasun Sailak eta Osakidetzak aurten be herritarrak odola emotera animetan dauz

Amagoia Lopez de Larruzea: “Odola ezin da fabrikau, emon egin behar da”

Udaro errepikatzen dan egoerea da: oporraldiagaz eta eguneroko ohituren aldaketagaz batera, odol-emoteen kopurua jaitsi egiten da. Horregaitik, Gernika-Lumoko Odolkideak alkarteak herritarrak odola emotera animetan dauz, udan be ospitaleetako beharrizanei erantzuteko odol-erreserbak bermatzea ezinbestekoa dala gogorarazoz. Hori nabarmendu dau Amagoia Lopez de Larruzea alkarteko kideak Bizkaia Irratian.

Lopez de Larruzeak azaldu dau odol-emoteek urtean zehar sasoi bitan egiten dabela beherantz: neguan, gripeak eta bestelako gaixotasunak dagozanean, eta udan, oporraldiagaz batera. Halanda be, ospitaleetako jarduerak ez dauka etenik izaten. Kirurgiak, tratamendu onkologikoak eta larrialdiak egunerokoak dira, eta horreek artatzeko odol-erreserbak prest egotea beharrezkoa da. Osakidetzaren datuan arabera, egunero 400 odol-emote inguru behar dira osasun sistemaren beharrizanei erantzuteko. Horregaitik, herritarren alkartasuna ezinbestekoa dala nabarmendu dau Lopez de Larruzeak: “Odola ezin da fabrikau, emon egin behar da”.

Odol-emoile barriak erakartzeko garrantziaz be egin deusku berba Odolkideak alkarteko kideak. Urteak igaro ahala, hainbat emoilek ezin izaten dabe odola emoten segidu (osasun arrazoiengaitik edo edadeagaitik), eta horrek belaunaldi-erreleboa beharrezko bihurtzen dau. Amagoia Lopez de Larruzearen ustetan, askotan odol-emotearen garrantzia ez da behar beste baloratzen, harik eta norberaren inguruko norbaitek transfusino bat behar izan arte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Bizkaia Irratia
0:00 0:00